GAUR8

Emakume Abertzale Batzaren historia jasotzen duen erakusketa Galdakaon egongo da ikusgai azaroaren 4ra arte

Azaroaren 4ra arte Galdakoako Torrezabal Kultur Etxean, ‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez’ erakusketa egongo da ikusgai. Emakume Abertzale Batza elkartearen ibilbidea eta arlo ezberdinetan egindako lana nabarmentzen du bildumak.

Emakume Abertzale Batzaren historia jasotzen duen erakusketaren kartela.
Emakume Abertzale Batzaren historia jasotzen duen erakusketaren kartela. (Galdakaoko Udala)

Emakume Abertzale Batzaren (EAB) mendeurrena oroitzen duen ‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez’ erakusketa Galdakaora helduko da aste honetan. Asteartean (hilak 24) egingo dute inaugurazio ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean, 18.00etan, eta 25etik aurrera bisitatu ahal izango da.

Azaroaren 4ra arte ikusi ahal izango da emakumeak protagonista izan zituen antolakundearen historiaren inguruko erakusketa. Mairi herriko elkarteak antolatu du ekimena Udalaren laguntzarekin.

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoaren bilduma da eta elkartearen ibilbidea, lana eta pentsamendua biltzen du 24 panel eta beira-arasetan.

Jaiotza, gerra eta erbestea

Informazioa sei multzotan banatzen da: ‘EABren hasiera’, ‘EABren loraldia’, ‘Jaungoikoa eta Lagi Zarra’ doktrina, ‘EAB eta hezkuntza’, ‘EAB eta gizarte laguntza’ eta ‘EAB gerra eta erbestean’.

Atal bakoitzak 1922an Euzko Gaztediren babesean jaio zen elkarteak jorratutako arlo ezberdinetan sakontzen du, aberriaren aldeko propagandan, hezkuntzan, euskararen irakaskuntzan, elkartasun zerbitzuetan eta gizarte laguntzan egindako lana nabarmenduz.

«Mugimendu feminista horrek euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen emakumeen ondorengo belaunaldietan eta, oro har, euskal abertzaletasunean», azpimarratu dutenez.

Mairi herriko elkarteak antolatu du ekimena Udalaren laguntzarekin. Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian (11.30-13.30) eta arratsaldez (17.30-20.30). Larunbat eta igandetan, 11.00etatik 14.00etara egongo da zabalik.