GAUR8

Ipuinak Mañarian eta antzinako gastronomia Izurtzan, ondarearen jardunaldien barruan

Txokolate beroa eskuetan, Mañarian Errose Bustintzaren ipuinak entzungo dira larunbatean, eta Izurtzan garai bateko gastronomia izango da protagonista igandean. Gerediaga Elkarteak antolatzen ditu hitzordu biak, Durangaldeko ondarearen kontserbaziorako programazioaren barruan.

Irudian, Etxaburu dorrea Izurtzan.
Irudian, Etxaburu dorrea Izurtzan. (Gerediaga Elkartea)

Errose Bustintza mañariarraren ipuinak eta Juan Manuel Gonzalez historialariak garai bateko gastronomiara egingo duen hurbilketa izango dira asteburuko protagonista nagusiak Durangaldean, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan.

Mañarian eta Izurtzan dira Gerediaga Elkarteak antolatutako azken bi hitzorduak. Lehen proposamena Mañarian da, 17.00etatik aurrera, eta Errose Bustintzaren istorioei lotuta joango da. Herriko idazlearen ipuinei Esti Gonzalezek jarriko dizkie ahotsa. «Modu horretara, osaba Kirikiñoren itzalpetik argira aterako dugu», azaldu dutenez.

Txokolatea edanez itxiko da saioa Mañarian larunbatean, eta Izurtzara joango da egitaraua igande goizean, 10.30etik 12.30era. Bertan, Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak Etxaburu dorrea jantoki moduan erabili eta garai bateko gastronomiara hurbilduko da, aurreratu dute Gerediagatik. «Etxaburutarrak nortzuk ziren gogoratu eta dorretxearen historiari errepasoa egingo dio», zehaztu dutenez. Azken honetan ere, dastatze txiki batekin itxiko da hitzordua.

Hurrengo bi hitzorduei begira, Gerediaga Elkarteak gogoratu du ekitaldiak doakoak direla baina beharrezkoa dela aurretik izena ematea, lekua mugatua delako. Gogorarazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean eman behar da izena ondareabizkaia.eus atalean.