GAUR8

Iruñean izango dira UEUk antolatzen dituen Natur Zientzien V. Topaketak, azaroaren 18an eta 19an

Natur Zientzien V. Topaketak egingo ditu UEUk Iruñean, azaroaren 18an eta 19an. Euskal Herriko hamasei aditu bilduko dira euskal hiriburuan asteburu horretan, ura, espezieen bersartzeak edota itsas-ekosistemen inguruko ezagutzak eta hausnarketak partekartzeko.

Mikel Etxeberria eta Ana Garcia del Bao Natur Zientzien V. Topaketen koordinatzaileak.
Mikel Etxeberria eta Ana Garcia del Bao Natur Zientzien V. Topaketen koordinatzaileak. (UEU)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Natur Zientzien V. Topaketak egingo ditu Iruñean, azaroaren 18an eta 19an. Naturzale euskaldunen bilgune eta jakintza partekatzeko foro gisa jaioak, euskal naturguneak izango dituzte protagonista nagusiak.

Nafarroako hiriburua topaleku aukeratzea ez da kasualitatea izan. Azpimarratu dutenez, «euskal biodibertsitatearen gune oso esanguratsua» da hiriburu nafarra. Topaketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo dira, eta naturguneak izango dira aurtengo protagonista nagusiak.

Erakunde eta ikerketa zentro ezberdinetako hamasei adituren parte hartzea izango dute. Naturguneak ardatz, lau modulu izango dituztela aurreratu dute: ‘Naturguneen arteko arrakalak eta zubiak’, ‘Urak bizigarri’, ‘Espezieen bersartzeak: biodibertsitatea eraikitzen’ eta ‘Babesguneak urperatu’.

Lehengo muduluari dagokionez, «Euskal Herriko azpiegitura berdeaz» arituko direla aurreratu du Mikel Etxeberria Okariz topaketen koordinatzaileak. Zehaztu duenez, «Txingudiko paduren lehengoratzeaz, urmael txikietako biodibertsitateaz eta faunaren kontserbazioaz» hitz egingo dute atal horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Neiker eta EHUko adituak bilduko ditu, eta «azpiegitura berde horren gabeziez eta ondo kontserbatzeak dakartzan onurez hitz egingo digute».

Ura eta itsas ekosistemak

Urari eskainitako atalean, lur azpiko urak, Euskal Herriko ibarbasoak eta Zadorra ibaiaren bilakaera aztertuko dituzte, eta espezieen birsartzeari dagokionez, Euskal Herriko esperientziak aztertuko dituzte. «Ikusiko da zein onura ekar ditzakeen biodibertsitaterako, baina jakina da hainbat gatazka ere sor ditzakeela. Horiek denak jorratuko dira modulu honetan», aurreratu du Etxeberriak.

Itsas ekosistemen egoera eta bereziki haien genetika izango dute hizpide topaketek, eta gonbidatuen artean Naiara Rodriguez-Ezpeleta Aztiko ikertzailea eta itsas genetikan aditua egongo da, besteak beste.

Larunbatean, bestalde, mahai-inguru batek kontserbazioa aztertuko du XXI. mendean dituen arazo eta erronkei begira. Energia beharrak, aisialdia eta kontserbazioa izango dira mahaigaineratuko diren beste kontuetako batzuk.