GAUR8
Gaur X urte

Mikel Arozamena bertsolariak bere Nafarroako bigarren txapela jantzi zuen gaur 60 urte

Gaurko egunez duela 60 urte jantzi zuen Mikel Arozamena bertsolari lesakarrak bere Nafarroako bigarren txapela. Hirutan izan zen txapeldun, 1962an, 1963an eta 1966an.

Mikel Arozamena.
Mikel Arozamena. (Wikimedia Commons)

1963ko azaroaren 7an irabazi zuen Mikel Arozamena Larralde lesakarrak bigarrenez Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Beste bi aldiz irabazi zuen, lehena urtebete arinago eta hirugarrena 1966an.

Txiki-txikitatik bertsozale izan zen eta 14 urte besterik ez zuela kantatu zuen lehenengo aldiz plazan. Hiru urte geroago, beretzat lehena izango zen Donostiako La Perla bertsolari txapelketan parte hartu zuen, 1951ko ekainaren 3an, Astigarragako Berasarte ‘Elio’, Jose Luis Lekuona ‘Lexoti’, Otaño, Intziarte eta abarrekin batera. Txapelketa horretan hirugarren geratu zen Arozamena.

Geroztik, txapelketa eta lehiaketa ugaritan parte hartu zuen lesakarrak, hala nola, Iruñean, Lesaka jaioterrian eta Beran, eta haietako askotan jantzi zuen garaile txapela.

Edonola ere, garaipen nagusiak Nafarroako Bertsolari Txapelketan lortu zituenak izan ziren, 1962ko, 1963ko eta 1966ko txapelak bereganatuta, hain zuzen ere, haietako bigarrena gaurko egunez.

1966an, Margari Sagastibeltza leitzarrarekin ezkondu eta handik urtebetera, Hernanira joan zen bizitzera, 28 urtez Astigarragan bizi izan eta gero. Bi seme-alaba izan zituzten. 1976ko maiatzean, bere jaioterriak omenaldi bat eskaini zion, eta urte bereko abenduan bihotzekoak jota hil zen, Iberdueron gidari lanetan zebilela.