GAUR8

Bilbon izango da EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen Mugaz Gaindiko Campusaren topaketa

‘Euskampus-Bordeaux Eguna’ mugaz gaindiko campusen arteko topaketa ospatuko dute datorren astean Bilbon. Hainbat jarduera izango dituen programazioan, inoiz baino parte hartzaile gehiagok eman du izena.

Mugaz Gaindiko Laborategi berria aurkeztuko dute topaketan. Irudian, EHUren parte hartzea duen beste instalazio bat.
Mugaz Gaindiko Laborategi berria aurkeztuko dute topaketan. Irudian, EHUren parte hartzea duen beste instalazio bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskampus-Bordeaux Eguna, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak urtero egiten duten Mugaz Gaindiko Campuseko komunitatearen topaketa Bilbon izango da lehen aldiz.

EHUtik aurreratu dutenez, Bilboko Ingeniaritza Eskolak hartuko du ekitaldia bi egunetan zehar, eta inoiz baino parte hartzaile gehiago izango du.

Bi unibertsitateetako eta erakundeetako ordezkariez gain, beste eragile sozioekonomiko batzuetakoak ere izango direla aurreratu dute. Guztira, 350 pertsonak eman dute izena, «lankidetza sareak indartzeko» eta «hizkuntza anitzeko eta diziplina arteko kohesioa sustatzeko» balioko duen ekitaldian.

Laborategi berria

Topaketan, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi berria aurkeztuko dute. Bi unibertsitateek eta Lakuako Gobernuak bultzatuta eta finantzatuta, ‘LTC’ sarean elkarrekin egiten dute lan bi unibertsitateek, eta horri esker «mugaz gaindiko ikerketa-komunitateak sortu» direla azpimarratu dute.

«Nazioartekotzeari laguntzea, bikaintasun zientifikoa hobetzea eta lurraldearekiko lotura sustatzea» dira sarearen helburuak.

Tailerrak, hitzaldiak eta hainbat proiekturen aurkezpenak bilduko dituzte topaketek, eta lehen aldiz arte-erakusketa izango du: ‘Transformart’, «bi unibertsitateetako ikasleek, ikertzaileek eta administrazio-langileek sortutako 45 lan» ikusgai jarriko duena. Azaroaren 22ra arte bisitatu ahal izango da Bilboko Ingeniaritza Eskolan.