GAUR8

‘Ttipi-Ttapa Amurrio’ ekimena, ibiltarien sarea sortu eta harremanak egiteko

‘Ttipi-Ttapa Amurrio’ egitasmoa abiarazi dute, jarduera fisikoa sustatu eta aldi berean gizarte-harremanak berreskuratzeko topagune bat sortzeko. Doako ekimena da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Ekimenaren aurkezpena Amurrioko Udaletxean.
Ekimenaren aurkezpena Amurrioko Udaletxean. (Euskadi.eus)

‘Ttipi-Ttapa Amurrio’ ekimena aurkeztu dute Arabako udalerrian, ibiltarien sarea sortzea bilatzen duen proiektua. Udalak sustatzen du egitasmoa, MugiAmurrioren eskutik, Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren laguntzarekin.

Ekimenak, gainera, udalerriko hainbat erakunderen parte hartzea du, hala nola Nagusilan, Adinekoen Kontseilua, Amaurre ikastetxea, Zaraobe Institutua eta ASASAM, buru osasunaren arloan lan egiten duen elkartea.

«Proiektuak, alde batetik, jarduera fisikoa sustatu nahi du, baina, aldi berean, gizarte-harremanak berreskuratzeko topagune izan nahi du espazio publikoan», azaldu dute bultzatzaileek.

«Elkar ezagutzeko, partekatzeko, enpatizatzeko eta elkarri eragiteko aukera bat izan nahi du», zehaztu dute eta erantsi dute bestelako erronkei egin nahi diela aurre, esaterako gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko elkarrekintza eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa bezalako planoetan.

Ibilaldiak azaroaren 13an eta abenduaren 1ean eta 14an egingo dira. Guztiak hasiko dira 10.00etan, eta Juan Urrutia plazan hasi eta amaituko dira.

Distantzia eta zailtasun desberdinen araberako bi ibilbide egingo dira, parte hartzaileen mailara egokituta. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Aurreratu dutenez, ibilaldi bakoitzaren ondoren salda banatuko da indarberritzeko.

Bihar izango da lehen ibilbidea, Nagusien Kontseiluak dinamizatuta, abenduaren 1ekoa Zaraobe Institutuak gidatuko du eta 14koa ASASAM elkarteak dinamizatuko du.