GAUR8

Birziklatzeko ohiturei eta ingurumenari buruzko lan-jardunaldia antolatu dute Gasteizen 22 eta 23rako

Birziklatzeko ohiturek bizi-kalitatean eta ingurumenean duten eraginari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen, hilaren 22 eta 23an. Irekia eta doakoa da parte hartzea; izena eman behar da Arabako Foru Aldundiaren webgunean.

Hondakinen kudeaketan ergiteko moduak Gasteizen aztergai izango den gaietako bat da.
Hondakinen kudeaketan ergiteko moduak Gasteizen aztergai izango den gaietako bat da. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arabako Foru Aldundiko Iraunkortasuna, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) birziklatzeko ohiturek bizi-kalitatean eta ingurumenean duten eraginari buruzko jardunaldi bat antolatu dute Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen (EWWR ingelesez) barruan.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, Diputazioko Hondakinen Behatokiak «hondakinen arloko informazioaren eta ezagutzaren» inguruan egiten duen ekimena da.

Amaia Barredo Iraunkortasuna eta Nekazaritza eta Natura Ingurunearen saileko foru diputatuak «birziklatzea eta ekonomia zirkularra» nabarmendu ditu «planetaren iraunkortasunerako eta zaintzarako funtsezko tresna gisa».

«Aurrera egiteaz eta horrelako ekimenak ezagutzeaz gain, Hondakinen Behatokiak eskaintzen dituen zerbitzuetan sakonduko dugu, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea optimizatzeko eta Europako legedira egokitzeko aukera emango duten erabakiak maila teknikoan hartzen laguntzeko», azaldu du.

Jardunaldia azaroaren 22an eta 23an izango da, Gasteizen, eta honako alderdi hauetan sakonduko da: «pentsatzen dugunaren eta ingurumenaren arloan egiten dugunaren arteko aldea; bizi-kalitatearen eta ingurumenaren zaintzaren arteko harremana; elikagaiak alferrik galtzea; maila pertsonalean eta kolektiboan eguneroko zer ohitura eta keinu landu ditzakegun; eta arlo horretan erabakiak hartzeko orduan nola eragin daitekeen».

Programan honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: Victor Irigoyen, Naturan Oinarritutako Konponbideen Behatokiko (Conama) zuzendarikidea; Estibaliz Sáez de Cámara, EHUko Iraunkortasuneko zuzendaria; eta Alberto Alonso eta Cristina Sancho, ingurumenaren gaineko eraginaren analisian, ekonomia zirkularrean eta birsortze proiektuetan adituak.

Kuadrilletako ideia berritzaileak

Era berean, Arabako kuadrilletan garatzen ari diren proiektu berritzaileak alderatzeko eta herrialdean azken urtean egin diren lehen Ekobarometroaren eta ‘Hondakinen karakterizazioa’-ren emaitzak aurkezteko balioko du.

Topaketen inguruko informazioa eskuragarri dago Arabako Foru Aldundiaren web orrian. Era berean, bertatik egin daiteke doako izen-ematea, edukiera bete arte.