GAUR8

Adrian Bozal-Leorri EHUko ikertzailea saritu dute, nekazaritza iraunkorrarekin lotutako ikerlanagatik

Adrian Bozal-Leorri EHUko ikertzailea AgroBank Sariaren  VII. edizioa irabazi du nekazaritza jasangarriarekin lotutako ikerlanagatik. Elikagaien sektoreko bikaintasun lanak aintzatesten ditu ekimenak.

Adrian Bozal-Leorri EHUko ikertzailea.
Adrian Bozal-Leorri EHUko ikertzailea. (Laura LOPEZ | EHU)

AgroBank Katedra Sariaren VII. edizioko irabazlea da Adrian Bozal-Leorri EHUko ikertzailea, ‘Nitrification control in the framework of sustainable agriculture: the use of synthetic and biological nitrification inhibitors with ammonium-based fertilizers’ izenburuko lanagatik.

EHUk azaldu duenez, «inhibitzaile sintetiko eta biologikoak erabiliz nitrifikazioa nola kontrolatzen den erakusten du» ikerlanak. Nekazaritza iraunkorrarekin lotuta, oinarri amoniokodun ongarriak erabiltzearen ondorioz ingurumenera heltzen diren nitrogeno erreaktiboaren galerak murrizteko.

«Nire tesian egindako ahalegin guztiaren aitorpena da», adierazi du Bozal-Leorrik sariaren inguruan. Nabarmendu du, gainera, EHUtik kanpoko entitate bat izateak ospe handiago bat ematen diola lanari, Estatu espainiar osoko nekazaritzako elikagaien sektoreko tesirik onena bezala hautatua izan baita.

Hamalau autonomia-erkidegotako 72 hautagaik hartu dute parte azken edizio honetan.

Beste sari bat izan zuen Bozal-Leorri EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko doktoreak EHUk berak emanda. Gainera, CIMMYTeko (Mexikoko Artoa eta Garia Hobetzeko Nazioarteko Zentroa), JIRCASeko (Japan International Research Center for Agricultural Sciences) eta Nihon Unibertsitateko (Japonia) ikerketa-taldeekin egindako elkarlanaren ondorioz, PNAS aldizkari ospetsuak ematen duen Cozzarelli saria jaso zuen 2021ean, ‘Enlisting wild grass genes to combat nitrification in wheat farming: A nature-based solution’ lanarengatik.