GAUR8

Abian da Asun Casasola Ipuin Lehiaketa, ‘Plaza bat zure izenean’ lelopean

‘Plaza bat zure izenean’ ideia plazaratu du abiapuntu gisa Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketak bere bederatzigarren edizioan. Gaur aurkeztu dute Nagore Laffage parkean, indarkeria matxistaren aurkako hausnarketak ipuinetan jasotzera deituz. Hilaren 25ean irekiko dute lanak aurkezteko epea.

Oihana Llorente, Asun Casasola eta Joana Ochoteco, Nagore Laffage parkean, lehiaketaren edizio berriaren aurkezpenean.
Oihana Llorente, Asun Casasola eta Joana Ochoteco, Nagore Laffage parkean, lehiaketaren edizio berriaren aurkezpenean. (Asun Casasola Ipuin Lehiaketa)

Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketaren bederatzigarren edizioa antolatu dute, ‘Plaza bat zure izenean’ lelopean. Lanak aurkezteko epea azaroaren 25ean abiatuko da eta datorren urteko otsailaren 7ra bitarte egongo da zabalik. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 7an egingo da, Irunen.

Irunen bertan egin dute edizio berriaren aurkezpena gaur. 2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffageren ama den Asun Casasolaren borroka eta kemenari aitortza egiteko sortu zen ipuin lehiaketa 2013an, eta urteotan 4.000tik gora ipuin batu ditu.

Hirugarren ediziotik, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker, lehiaketa gazteengana hurbildu da, 10-16 urtekoen kategoria bereziari esker. Sail hau bereziki nabarmendu dute antolatzaileek, eta «eskola askotan lehiaketarekin bat egin eta gazteak indarkeria matxistaren aurkako hausnarketak ipuinetan jasotzera» animatu dituzte.

«Hemendik gure esker ona eskola hauei, eta orain arte parte hartu ez dutenak animatu nahi ditugu, lehiaketa hau bitarteko aproposa delako hain beharrezkoa den indarkeria matxistaz aritzeko», azpimarratu dute.

«Memoria ariketa bat»

Edizio berriak proposatzen duen leloaren inguruan, «memoria ariketa bat» izan nahi duela azaldu dute, «indarkeria matxistaren aurrean biziraun ez duten emakume horiek gogoan, baina baita memoria historikoan arakatu eta aitortza egin nahian». Edonola ere, gaiak izan ditzakeen adiera guztiak ongietorriak izango dira.

«Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko dugu, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatzen duena», azaldu dute.

Ipuinak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, eta parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Ipuinak originala izan behar du, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzia, ez baita itzulpenik onartuko.

Lau kategoria izango dira: helduena (bat euskaraz eta bestea gazteleraz), 16 urtetik gorakoentzat, eta gazteena (bat euskaraz eta bestea gazteleraz), 10 eta 16 urte bitartekoentzat. Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da: helduen kategoriako irabazleek 300na euroko saria jasoko dute, eta gazteen kategoriakoek 100na euroko saria eta 50 euroko balioa duen liburu sorta bana (liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte eta Katakrak liburutegiak eskainiko ditu).

Otsailaren 7ra arte

Aurtengo epaimahaia emakumeek osatuko dute aurten ere bere osotasunean. Horrela, helduen kategorian, euskaraz, Yurre Ugarte, Ainahara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain izango dira epaimahaikide, eta gazteleraz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez.

Gazteen kategorian, berriz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango dira euskarazko epaimahaian, eta Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez, gaztelaniazkoan.

Urtero bezala, azaroaren 25ean zabalduko da lanak aurkezteko epea, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, eta 2024ko otsailaren 7an bukatuko da. Lanak aurkezteko bi bide daude: asuncasasolaipuina@gmail.com helbide elektronikora bidalita edota ‘BDS koop. Aixin Zolua Ibilbidea 5, 20304, Irun, Gipuzkoa’ helbidea, posta arrunta erabiliz edo lekuan bertan uzita. Martxoaren 7an egingo da sari banaketa ekitaldia, Irunen.