GAUR 8

Aiaraldean jarduera ekonomikoa sustatzeko enpresa-ekimenen bi lehiaketa argitaratu dira

Lakuako Gobernuak, HAZIren bitartez eta Zabaia eta Gorbeialde landa-garapeneko elkarteen laguntzarekin, berrikuntza-prozesu ireki bat jarri du abian, Aiaraldean hazkunde ekonomikoa eta enplegu-sorrera bultzatuko duten nekazaritzari lotutako proiektuak erakarri nahian.

Artomaña Txakolina enpresaren mahastiak.
Artomaña Txakolina enpresaren mahastiak. (ARTOMAÑA TXAKOLIÑA)

Aiaraldean jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko enpresa-ekimenen bi lehiaketa argitaratu ditu Lakuako Gobernuak HAZIren bitartez, eta Zabaia eta Gorbeialde landa-garapeneko elkarteen laguntzarekin.

Lehiaketa horietako lehena lehen sektorearekin eta nekazaritzako elikagaien industria txikiarekin lotutako inbertsio-ekimenei zuzenduta dago, elikagaien ekoizpenaren, eraldaketaren eta merkaturatzearen inguruan jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera sustatzeko. «Sektorea berritzeko prozesu bat sortu nahi da, bai enpresa berriak sortuz, bai lehendik daudenak egokituz, prozesuan, produktuan, antolaketan, merkaturatzean, digitalizatzean eta abarretan berritzearen bidez, Osloko eskuliburua erreferentziatzat hartuta», azaldu du HAZIk.

Bigarren lehiaketak bi sari-ildo hartzen ditu: bata elika-katearen inguruko dinamizazio-ekimenekin lotuta dago, eta bestea, berriz, kate horrekin lotuta ez dauden baina Aiaraldeako landa-inguruneko Leader eremuetan enpresak sortzea eta garatzea bultzatzen duten inbertsio-ekimenekin. «Helburua da inguruneak eskaintzen dituen merkatu-aukerak eta azpiegiturak aprobetxatzea, eskualdean balioa sortzen duten jarduerak abian jartzeko edo hobetzeko», azaldu du HAZIk.

Bi lehiaketetako batean parte hartu nahi duten pertsona fisiko eta juridikoek HAZIren webgunearen (www.hazi.eus) bidez aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak abenduaren 15era arte, egun hori barne. Ekimen horiei buruzko informazio guztia eta deialdien oinarriak ere aurkitu ahal izango dituzue webgune horretan.

1.060.000 euroko aurrekontua bideratu da guztira, eta proiektu irabazleak saritzeko adituen batzorde bat arduratuko da proposamenak baloratzeaz, zehaztutako irizpide batzuen arabera, eta abian jartzeko egokienak aukeratzeaz.

Eskualde Behartsuak edo Lehentasunezko Jarduketa Eremuak (LJE) Berrabiarazteko Planean sartuta dago Aiaraldea eta eskualde horien eraldaketari behin betiko bultzada emateko jarri zen abian plan hori.