GAUR8

Abian da Bilboko Merkataritza Ganberaren Retail Digital Sarien edizio berria

Bilboko Merkataritza Ganberaren Retail Digital Sarien edizio berria martxan da dagoeneko. Hautagaitza epea bukatua, datorren urteko urtarrilaren 11n izango da sari banaketa, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Emakume bat Bilboko denda batean.
Emakume bat Bilboko denda batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko MerkaGanberak Retail Digital Sarien beste edizio baterako deialdia egin du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea bultzatzeko eta laguntzeko, eta Bizkaiko erakusleiho onenak saritzeaz gain, negozioaren digitalizazioa eta energia-eraginkortasuna ere aitortuko dituzte. Azaldu dutenez, ekimen horren helburua sektoreari ikusgaitasun handiagoa ematea da, «kaleak dinamizatzen eta girotzen lagunduz» eta, aldi berean, tokiko kontsumoa sustatzea.

Era berean, sari horien bidez, Bilboko Ganberak eta erakunde laguntzaileek Bizkaiko merkataritza-kulturaren aldaketa bultzatu eta sustatu nahi dute, eta haren eraldaketa digitalari eta berrikuntzari lagundu, mantendu, emaitzak hobetu eta gero eta merkatu lehiakorragoetan aukera gehiago izan ditzaten.

Sariek zazpi kategoria dituzte: Retail osatuena, espazio komertzial berritzaileena, merkataritza elektronikoko web onena, web korporatibo onena, establezimendu energetikoki jasangarriena, sare sozialen erabilera onena, Bizkaiko erakusleiho onenari saria, epaimahaiaren saria eta publikoaren saria.

Sari hauek Kutxabanken, Lakuako Gobernuaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren, Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren, Bilboko Udalaren, Iberdrolaren, El Corte Inglésen, Baqué Caféren, El Correoren eta Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen laguntza dute.

Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 15ean hasi eta abenduaren 19an amaitu zen eta sari banaketa 2024ko urtarrilaren 11n izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian.