GAUR8

Piktogramak jarri dituzte Oñatiko zebra-bideetan, autismoa duten haurren autonomia indartzeko

Piktogramak jarri dituzte Oñatiko 26 zebra-bidetan, Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten haurren autonomia indartzeko, baina baita «Oñati guztientzako herri bizigarria eta hezitzailea izan dadin».

Oñatiko zebrabideetan jarritako piktogramak, irudian.
Oñatiko zebrabideetan jarritako piktogramak, irudian. (Oñatiko Udala)

Oñatin, herriko 24 zebra-bide seinaleztatu dituzte autismoa duten haurren autonomia eta bide segurtasuna indartzeko asmoz. Ekimena Udalaren Hezkuntza sailak eta herriko ikastetxeek elkarlanean sustatzen duten ‘Bagabiltz-Eskolako Bidea’ proiektuaren baitan garatu dute.

Prentsa ohar batean azaldu dute helburua Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN) duten pertsonei laguntzea dela, herritarrentzat oro har diseinatuta dauden zenbait mezu edo egoera haientzako ulergarriago eginez.

«Oinez doazenean, kolektibo honek ez ditu beti ondo ulertzen oinezkoen pasabideak, beren marka zuriekin asfalto gainean. Aldiz, ilustrazio edo piktogramek informazio errealagoa ematen diete zebra-bideak zeharkatzeko orduan izan beharreko arreta eta hartu beharreko babes neurrien inguruan», zehaztu dutenez.

Ikertuta aurretik

Piktogramen sekuentzia lurrean margotuta, oinezkoen pasabideak kognitiboki irisgarriagoak dira, nabarmendu dutenez. Irudi horren sekuentziaren diseinua Tevial elkarte andaluziarrak eta Sevillako Unibertsitateko Carlos Hervas Gomez irakasleak garatu dute. «Piktograma horiek lortzeko, 1.800 pertsonarekin egin da lan, eta unibertsitateko ikasleez gain, udaltzainek, osasun langileek eta AEN duten neska-mutilen familiek parte hartu dute», azaldu dutenez.

Nabarmendu dute, bestalde, ekarpena positiboa dela gainontzeko haurrentzat eta herritar guztientzat oro har. Guztira 24 pasabide dira, eta horiek zehazteko, «zirkulazio maila handia duten gune eta ikastetxeetara, jolasguneetara eta espazio edo ekipamendu publikoetara doazen zebrabideak lehenetsi dira».