GAUR8

Zuzenbide Amdinistratiboaren kontzeptuak Nafarroako Museoko artelanen bidez lantzen dituzte NUPen

NUPen Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleak Nafarroako Museoan egon dira, Burdin Aroko ekonomiaren erregulazioa, administrazio-zuzenbide garaikidearen sorrera edota naturguneen babes juridikoa bezalako kontzeptuak artelanen bidez landuz.

Nafarroako Museoko erakusketa bat, artxiboko irudian.
Nafarroako Museoko erakusketa bat, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleek administrazio-zuzenbidearen oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte kultura eta, zehazki, literatura, zinema eta artelanak ulertuz eta interpretatuz.

Hezkuntza berriztatzeko CUARTDA (Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea, gaztelaniaz) proiektuaren hirugarren edizioa da, eta ikasleek eskola bat jaso berri dute Nafarroako Museoan ikusgai dauden bederatzi piezaren bidez. Aurten protagonismo berezia du Pompaeloko Togadoak, Nafarroako Gobernuak erosia eta aurreko bisitan gordailuan zegoena.

Saioa museoarekin batera prestatu da, eta ekimen honen arduradunetako bat den Jose F. Alenza Garcia katedradunak eman du, Aritz Romeo Ruiz irakaslearekin batera. Era berean, proiektuan Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendariak parte hartu zuen, eta ibilbide juridikoa eta bisita gidatua egiten Marta Arriola eta Olaia Nagore teknikariek parte hartu zuten.

«Ikasleen pentsamendu kritikoa hobetzen du eta gure gizartearen funtsezko balioak eta printzipioak deskubritzen ditu. Zuzenbidearekiko grina transmititu nahi zaie, zuzenbidearen azpian dauden balioak senti ditzaten, hala nola justizia, berdintasuna, ekitatea, elkartasuna, pluralismoa edo iraunkortasuna», adierazi du NUPek ohar batean.

Museoko langileekin batera prestatutako ibilbidean zehar, ikasleek Burdin Aroko ekonomiaren erregulazioa edo Antzinako Erromako zerbitzu publikoak (ur-hornidura, termak) eta azpiegiturak (errepideak) ikusi ahal izan zituzten.

Horma-pintura gotikoak bisitatu ondoren, Goyak margotutako San Adriango Markesaren erretratuan gelditu ziren, «administrazio-zuzenbide garaikidearen sorrera» agerian uzten baitu artelanak, katedradunak zehaztu duenez.

Ingurumenaren kontserbazioa

Bestalde, paisaia-pinturak aitzakia izan ziren nabarmentzeko nola eskubideak babes berezia eman diezaiekeen naturguneei eta biodibertsitateari. Beste obra batzuek, Francis Bartolozziren ‘Contaminacion’, esaterako, ingurumen-zuzenbidearen beste adar bat erakusten dute, airearen, uren eta lurzoruaren kutsaduraren kontrolarena.

Azkenik, Elena Asinsen ‘Canons 22’ lanak, prozedura matematikoekin eta algoritmoekin egina, «Administrazio Zuzenbidearen erronkak planteatzea ahalbidetzen du, Administrazio publikoak adimen artifiziala erabiltzearen aurrean herritarrek dituzten bermeei eusteko», mabarmendu du Jose F. Alenzak.