GAUR8

Tren historikoen zazpi irteera abenduko zubirako

Tren historikoen zirkulazio berriak antolatu ditu Burdinbidearen Esukal Museoak hurrengo jaiegunetarako. Asteazkenean bertan izango dira lehen irteerak eta 10era arte luzatuko dira.

Irteera hauek tren historikoen azkenak izango dira 2024ko Aste Santura arte.
Irteera hauek tren historikoen azkenak izango dira 2024ko Aste Santura arte. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoen zazpi zirkulazio berezi jarriko ditu martxan abenduko zubian. Azpeitiko museoaren eta Lasaoko geltokiaren arteko ohiko ibilbidea egingo dute trenek.

Zehazki, abenduaren 6an eta 8an, 12.00etan izango dira irteerak, abenduaren 9an, 12.00etan eta 17.30ean, eta abenduaren 10ean, 11.00etan, 12.00etan eta 13.00etan.

Abenduaren 10ean emango da amaitutzat 2023ko tren historikoen denboraldia eta 2024ko Aste Santura arte ez dira berriro ibiliko, museoko arduradunek jakitera eman dutenez.

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Eskulan esklaboa

Museoak ikusgai duen materialean, EAEko makina erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.

Halaber, Burdinbidearen Euskal Museoak 1936ko gerran eta frankismoren diktaduran eskulan esklabo gisa erabilitako lan behartuen biktimen omenezko erakusketa bat du ikusgai modu iraunkorrean. 1937tik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso komun erabili zirela erakusten du, herriak, azpiegiturak edo errepideak, urtegiak edo trenbideak eraikitzeko.