GAUR8

Balkanetako antzinako genomen ikerketan hartu du parte EHUk

EHUk Balkanetako penintsularen lehen milurtekoaren historia genomikoaren lehen berreraikuntzan parte hartzen du, eta ikerketak agerian utzi du Balkanak antzinako Erromaren muga-eskualdea izan zirela, «gune inperiala bezain kosmopolita».

Iñigo Olalde EHUko Ikerbasque ikertzaileak gidatu du ikerlana.
Iñigo Olalde EHUko Ikerbasque ikertzaileak gidatu du ikerlana. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Iñigo Olalde Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikerbasque ikertzaile eta Ramon y Cajaleko ikertzaileak, Biologia Ebolutiboko Institutuarekin (IBE: CSIC-UPF) eta Harvardeko Unibertsitatearekin batera, ikerketa bat gidatu du, zeinean Balkanetako penintsulako lehenengo milurtekoaren historia genomikoa lehen aldiz berreraiki duten.

Ikerketa proiektuaren barruan, eta antzinako DNAren azterketari esker, Kroazian eta Serbian bizi izan ziren 146 pertsonaren antzinako genoma berreskuratu eta analizatu dute ikertzaileek. EHUk azaldu duenez, lanak ondorioztatu du «Balkanak Erromatar Inperioaren muga global eta kosmopolita izan zirela», eta halaber, «eslaviar herriak erregio horretara iristearen historia berreraikitzen du».‘Cell’ aldizkari ospetsuan argitaratu da ikerlana.

Lan horren emaitzen artean, zehaztu dute «lehenengo aldiz, afrikar jatorriko hiru pertsona identifikatu» dituztela, «Balkanak Erromako inperioaren mende zeuden bitartean» bertan bizi zirenak».

EHUk ohar batean erantsi du EHUk ikerketak berretsi duela «VI. mendetik aurrerako herri eslaviarren migrazioa Europa osoko aldaketa demografiko iraunkor handienetako bat izan zela», eta horren eragin kulturalak gaur egun arte iraun duela.

«Kulturen arrago»

Lanak baieztatu du, Erromatar Errepublikak, lehenik, eta Erromatar Inperioak, ondoren, bere barnean txertatu zituztela Balkanak eta «mugako erregio hura komunikazioen bidegurutze eta kulturen arrago bihurtu» zutela.

Azaldu dutenez, ikerketan ikusi dute, era berean, erromatarren mende egon bitartean, erregioak ekarpen demografiko handia jaso zuela penintsula anatolikotik (egungo Turkian kokatuta), «eta horrek aztarna genetikoa utzi zuela Balkanetako populazioetan». Aldiz, aztertutako genometan ez dute jatorri italikoaren arrastorik ikusi.

«Azterlanean kroaziar eta serbiar ikertzaileak aritu dira elkarlanean. Elkarlan-eredu bikaina da penintsula balkanikoaren historia hurbila kontuan izanik. Aldi berean, horrelako lanek erakusten dute nola datu genomiko objektiboek lagundu dezaketen iraganeko narrazio epikoetan oinarrituta egon diren identitate kolektiboei lotutako arazo sozial eta politikoak atzean uzten», adierazi du Carles Lalueza-Fox Biologia Ebolutiboko Institutuko ikertzaile nagusi eta Bartzelonako Natur Zientzien Museoko zuzendariak.

Iketzailearen iritziz, «antzinako DNAren analisiak lagundu dezake, datu arkeologikoekin eta erregistro historikoekin batera, herri balkanikoen historia nahiz Europako hegoaldeko eslaviar herri deiturikoen sorreraren historia berreraikitzen».