Gaur 30 urte hil zen Klaudio Harluxet, euskarazko informatikaren aitzindaria
Berak idatzi zituen informatikari buruz euskaraz argitaratu ziren lehenengo artikuluak. 1975. urtean, Elhuyar aldizkarian argitaraturiko "Informatikaren hiztegi laburra" izeneko artikuluan, 74 hitzeko bilduma proposatu zuen, informatikaren oinarrizko azalpenarekin batera.
Gaur 30 urte, 1993ko abenduaren 16an, hil zen Klaudio Harluxet, euskarazko informatikaren aitzindaria. Duzunaritzen, Nafarroa Beherean, 1939ko irailaren 11an jaioa, Harluxet politikaria eta euskaltzalea ere izan zen.
Biarritzeko lizeoan ikasi ondoren, Harluxetek ingeniaritza informatiko ikasketak egin zituen Parisen, eta bertan ekin zion bere lan bizitzari, IBM enpresa ezagunean. Montrealen hiru urteko egionaldi bat egin ostean, 1972an, familiarekin batera, Baionara etorri zen bizitzera, eta Donostian hasi zen lanean. Gainera, garai hartan Bordeleko Unibertsitatean irakasle lanetan ere hasi zen.
Hori nahikoa ez eta Baionan SEI enpresa kooperatiboa sortu zuen, informatikan eta robotikan lan eginez. UZEI institutuan ere lan egin zuen Gipuzkoako hiriburuan, eta sistema informatiko bat jarri zuen abian hiztegiak hainbat hizkuntzatan argitaratu eta tratatzeko. Laburdina Herrikoa finantza-erakundearen sortzailea eta administratzailea zen, eta mundu abertzaleko kultura-jarduera askotan parte hartzen zuen, besteak beste, UEU, Eusko Ikaskuntza eta Pizkundea-rekin.
Euskarazko informatikan aitzindaria izan zen eta berak idatzi zituen informatikari buruz euskaraz argitaratu ziren lehenengo artikuluak. 1975. urtean, Elhuyar aldizkarian argitaraturiko "Informatikaren hiztegi laburra" izeneko artikuluan, 74 hitzeko bilduma proposatu zuen, informatikaren oinarrizko azalpenarekin batera.
Euskararen tratamendu automatikoan ere izan zen aitzindaria. 1980an UZEIk bere hiztegiak sortzeko tresna informatikoak sortzeko aukera aztertu nahi zuen, eta zailtasunei aurre eginez, Harluxetek, FORTRAN programazio-lengoaiaz baliaturik, gero hainbat urtetan UZEIren hiztegiak arrakastaz kudeatu zituen RTerm aplikazio informatikoa inplementatu zuen. Klaudio bera izan zen aplikazioaren kudeatzailea Donostian hainbat urtetan.
Iruñean UEUn 1989an Hizkuntz Industriak eta Informatika izenburuko hitzaldia aurkeztu zuen, eta 1990ean hizkuntzaren prozesamenduari buruz Donostian egin zen VI SEPLN kongresuko mahai inguruan ere gai horretaz hitz egin zuen. Urte hartan bertan Hizkia enpresa sortu zen Baionako SEI taldearen babesean, Ixa Taldearekin batera 1993an XUXEN zuzentzaile ortografikoa plazaratu zuena.
Ibilbide politikoa
Jeune Chambre Economique Bayonne-Pays Basque-ko zuzendaritzako kide hautatu zuten Klaudio Harluxet 1974an. Alderdi Sozialistako kide izan zen, baina utzi egin zuen gero, euskal gaiekin politika egokirik ez zuela aurpegiratuta.
Baionako 1983ko udal-hauteskundeetan aurkeztu zen. Herritarki izeneko euskal mugimenduko militanteek ezkerreko zerrenda berri bat aurkeztu zuten Harluxet buru zela, ahalik eta zinegotzi abertzale gehien sartzeko, baina 95 botoren faltan geratu ziren beharrezkoa zen %5a lortzeko. Euskal Batasuna (EB) sortzen parte hartu zuen 1986an.
Euskalzale borrokatua izan zen, eta Baionako zinegotzi hautatu zuten 1989ko martxoaren 12ko udal hauteskundeetan, Bayonne Capitale / Baiona Hiriburu zerrenda abertzale-ekologistarekin. Hil ondoren, Piarres Xarritonek ordezkatu zuen.