«Baserri ahaztuak» berriz gogoratzeko gonbita egin du Jon Atxutegik Zarautzen
Torre Luzeako programazioan urtero ematen zaio aukera herriko argazkilari bati bere lana erakusteko, eta aurten Atxutegiri egokitu zaio. 40 argazkiz osatutako bilduma bat da, arrazoi desberdinengatik hutsik gelditu diren baserri zaharretan ateratakoak.
Zarauzko Torre Luzea aretoan ikusgai dago egunotan Jon Atxutegi argazkilari zarauztarraren "Baserri ahaztuak" erakusketa. Torre Luzeako programazioan urtero ematen zaio aukera Zarauzko Argazkilari Elkarteko kide bati bere lana erakusteko, eta aurten Atxutegiri egokitu zaio. 40 argazkiz osatutako bilduma bat da, arrazoi desberdinengatik hutsik gelditu diren baserri zaharretan ateratakoak. Eraikinen gainbehera, barruan aurkitutako altxor txikiak, naturak berreskuratutako eremuak... Irakurketa desberdin asko eskaintzen dituen irudi sorta da, sentimendu dantza ederra sortzen duena.
«Ni argazkilari amateurra naiz erabat. Eta autodidakta: dakidana lagunen batek irakatsi dit, edo interneten begiratuta ikasi dut. Nik hasieran Reflex bat erosi nuen seme-alabei argazkiak ateratzeko. Baina hazten joan ahala gero eta gutxiago erabiltzen nuen horretarako eta beste argazki mota batzuk ateratzen hasi nintzen. Batez ere paisaiak egiten hasi nintzen, eta gutxi gora-behera hamar bat urte eman ditut horretan. Baina nahiko mugatuta sentitzen nintzen, beti antzeko lekuetan ibiltzen nintzelako eta ez nuelako aukera bidai askorik egiteko beste paisaia mota batzuen bila. Horregatik ekin nion baserrien proiektuari eta hortik sortu da erakusketa hau», aurkeztu digu bere burua Atxutegik.
Eta askotan gertatu ohi den moduan, gertaera txiki batek eman zion hasiera azkenean proiektu oso potentea bilakatu denari. «Proiektu hau kasualitatez sortu zela esan daiteke. Orain dela urte pare bat Zarauzko Udalak Santa Clarako komentua erosi zuen eta eraberritu aurretik aukera eman zigun Zarauzko Argazkilari Elkarteko kideoi barrura sartu eta argazkiak ateratzeko. Eta hor ikusi nuen paisaien ordez beste mundu interesgarri bat egon zitekeela».
Hala ere, baserrietan zentratzeko erabakia gerora etorri zen. «Prozesu bat izan da. Hasieran zahartuta zegoen edozein eraikinetan hasi nintzen lanean, abandonatutako enpresak adibidez. Baina eraikin mota horietan normalean jendea sartzen da eta ohikoa da grafitiak aurkitzea, esaterako. Grafitiek ere badute beren xarma, baina konturatu nintzen hori ez zela bidea. Aldiz, baserri zaharren bat aurkitutakoan ikusi nuen hor bazegoela mamia horrelako proiektu bat garatzeko. Garai bateko baserrietako bizimodua erakusteko balio du, adibidez. Batzuk ezagutu dugu baserrietako giro hori, baina beste jende askok ez. Orain dela urte batzuk baserrian bizitzeak zer limitazio zituen, haurrek zer distantzia egin behar izaten zituzten eskolara joateko...», azaldu digu.
Abentura betean sartuta
Eta baserri zaharretan zentratzea erabaki zuenetik, esan daiteke proiektuak bete-betean harrapatu zuela Atxutegi, abentura puntu bat ere izan duen ibilian. «Ez da argazkiak ateratzea bakarrik izan. Interesgarriak izan zitezkeen baserriak aurkitu, bertara joan, ikusi ea bertan sartzerik bazegoen edo ez... Eta behin barrura sartuta, ikustea gauzak kontserbatzen direla, horrek ere sekulako emozioa sortzen du. Gero argazkiak hobeak edo okerragoak izango dira. Kontuan izan behar da kasu askotan argiztapena oso txarra zela, elektrizitaterik gabeko baserriak dira eta dena argiztapen naturalarekin egina dago. Horrek ere bazuen bere xarma, argazki onenak nola atera asmatzeko prozesuan».
Egokiak izan zitezkeen baserriak aurkitzeko, adibidez, lagun eta ezagunen laguntza izan du argazkilari zarauztarrak. Gomendioak bidaltzen zizkioten eta urteotan bisitatu dituen baserrien mapa bat ere erakutsi digu. Eta anekdotak, mila. «Nik ez dut ezertxo ere ikutu. Baserrian sartu, argazkiak atera eta alde egiten nuen. Kuriosoa da, badago logela bat adibidez, oheak eginda, bere mahaitxoekin... Ematen du norbait hortik irten zela pentsatuz gauean edo hurrengo egunean itzuliko zela eta horra ez da inor azaldu auskalo zenbat urtean. Aurkitu izan ditut familiako argazki zaharrak, bertan utzita, eta zure buruari galdetzen diozu ea zer pasa den etxe horretan, ea nola den posible inor ez pasatzea bertatik argazki horiek jasotzera. Etxeko ontziak, lan tresnak, altzariak... horrelako asko ikusi ditut, hori normalagoa da, baina argazkienak gehiago inpaktatzen du», jarri du adibidetzat.
Horregatik, Atxutegiri asko kostatu zaio erakusketan ikusi daitezkeen 35 baserri desberdinetako 40 argazkiak aukeratzea. «Proiektu edo bilduma honetan 300 bat argazki daude guztira eta hemen aukeraketa bat egin dut, ez jartzeagatik sukaldeak bakarrik, edo degradazioa bakarrik. Denetik jarri nahi izan dut xehetasun desberdinak erakusteko. Baina zaila da aukeraketa hori egitea. Argazkiak deskartatzen joan behar duzu, baina guztiek daukate zuretzat esanahi bereziren bat. Baserri horretara iristea bereziki zaila izan bada, adibidez, zuk konexio berezi bat daukazu lan horrekin. Edo agian beste bat oso sinplea da, baina zuri konposizioa asko gustatzen zaizu. Hor kriba bat egin behar izan dut eta asko kostatu zait».
Hori bai, oso pozik geratu da jaso duen erantzunarekin. «Nik oso ongi pasa dut argazki hauek ateratzen, baina uste nuen jendeak agian ez zuela ulertuko. Zikinkeria ikusten da, degradazioa... Baina jaso dudan "feedbacka"-a oso positiboa izan da. Jende askok aipatu dit etxean ezagutu zuela baserriko bizitza, argazkiak ikusita lehengusuekin edo aiton-amonekin gogoratu dela, eta gaur egun zer egoeratan dauden ikusita barruan zerbait mugitu zaiola».
Artea zainetan
Argazkigintzan izan duen ibilbidea aipatu dugu, baina Jon Atxutegi margolaria ere bada. Argazkien konposizioetan hori nabaritzen dela aipatu diogu, eta ez du ukatu. «Urte askoan ibili naiz pinturan, akuarelista izan naiz, eta argazkietan ere asko agertzen dira nire kolore gustokoenak, laranjak eta antzeko tonoak. Harreman bat beti dago, akuarelak margotzeko nituen ohitura eta joerak argazkietan ere nabaritzen direla uste dut».
Hori bakarrik ez, familiatik ere artista sena badatorkio Joni. Izan ere, Jesus Atxutegi maketista famatuaren semea da. «Sekulakoa zen egiten zuen lana. Badaude maketak egiteko materiala prestatuta erosten dutenak, baina berak ez, berak hutsetik sortzen zuen dena. Soka behar bazuen hariak harilkatuz berak egiten zuen», oroitu du.
Proiektua jada itxita dagoen ala jarraitzeko asmoa duen galdetuta, zalantza egin du erantzun aurretik. «Jarraitzeko gogoa geratu zait, baina azken irteeran hiru baserri bisitatzeko asmoz joan nintzen eta ez nuen bakar batean ere argazkiak egitea lortu. Hor pentsatu nuen agian nik proiektua utzi baino proiektuak utzi nauela ni. Azkenean gero eta zailagoa da, hemen inguruko baserri gehienak pasa ditudalako eta gero eta urrunago joan beharko nukeelako beste batzuen bila. Oraindik ez dut ezer pentsatu, oso lotuta nago proiektu honetara. Uste dut kostatuko zaidala txipa aldatzea, oso pozik egin dudalako lan hau eta asko bete nauelako».
Erakusketa bisitatu nahi duenak, datorren urtarrilaren 7ra arte izango du aukera: egunero 18.00etatik 20.00etara (abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilak 1 eta 6 itxita).