Amaia Ereñaga
Gaur X urte

Concha Carretero militante komunista eta antifaxista, gogoan

96 urterekin hil zen Madrilen gaur bezalako egun batean eta orain hamar urte, zehazki, 2014ko urtarrilaren 1ean, Concha Carretero. Eta azken unera arte, bere bizitza osoan erakutsi zuen kemena eta printzipioak tinko mantendu zituen. Komunista, antifrankista eta errepublikanoa zen Concha; eredu bat Europan berriz hedatzen ari den faxismoaren garai hauetarako.

Concha Carretero, 93 urte zituenean.
Concha Carretero, 93 urte zituenean. (NAIZ)

1918an jaio zen Bartzelonan, ‘kasualitatez’ Concha Carretero (Bartzelona, 1918 - Madril, 2014ko urtarrilaren 1a). Horrela zioen berak, gurasoek ihes egin behar izan zutelako Kataluniara 1906an Alfontso XIII.a erregearen aurka eraso egin zutelako. Aita anarkista zuen.

‘Madrileko hiritartzat’ jotzen zuen emakume honek bere burua, harro baitzegoen Madril borrokalari eta antifaxista hartaz. Gaur egunean eskuinaren menpe dagoen hiria, ordea, ez zuen gogoko: «Ni langile-auzo batean bizi naiz, San Blasen, eta egia da auzoak PPri botoa ematen diola. Horrek min handia eragiten dit. Suposatzen dut bertan guardia zibil ugari bizi delako izango dela, Francok etxebizitza asko eman zizkielako guardia zibilei», zioen 93 urterekin eskaini zuen elkarrizketa batean.

Bizitza gogorra izan zuen Concha Carreterok; latza, konprometitua. 9 urte zituenean, aita kalean erailda aurkitu zuten. Ama gaixotu egin zen eta seme-alabek lanean hasi behar izan zuten. Antzerkia zuen gogoko Conchak, baina nebak ez zion utzi eta alkandora-lantegi batean hasi zen lanean. Militatzen hasi zen gazte-gaztetik, lehenengo  MAOC-en (Miliziak Antifaxistak Langileak eta Nekazariak), ondoren Gazteria Sozialista Bateratuetan (JSU).

Gerra Madrilen egin zuen, eta 1939ko uztailean atxilotu zuten, baita gogor torturatu ere. Abuztuaren 4an Ventas kartzelera eraman zuten egoera latzean; eta, hain justu, gau horretan fusilatu zituzten Hamahiru Arrosak. Gela berean sartu zuten Concha. «Tortura izugarriak pairatu nituen. Konorterik gabe utzi ninduten, botata. Hurrengo egunean, errekuperatzen ari nintzela, jakin nuen hilaren 4tik 5erako goizaldean Hamahiru Arrosak fusilatu zituztela. Horietako baten, Julia Conesaren, oso laguna nintzen», zioen.

1940ko bukaeran askatu zuten, baita jarraian berriz atxilotu. Fernanfloreko komisaldegian jasotako tortura bortitzen eraginez –fusilamendu-simulazio bat ere pairatu zuen–, betirako gelditu zitzaion begiko gaixotasun bat. 1941eko maiatzean, Madrilen ‘paseatzera’ eraman zuten, kideren batekin topo egin eta atxilotu ahal izateko. Handik hilabete batzuetara, 23 urte bete berriak zituenean, berriz aske geratu eta ama, gaixorik, kalean bizi dela jakin zuen, jateko limosna eskatuz. Inork ez zituen etxean hartu eta, kalean bizi ondoen, Conchak etxe batean lana aurkitu eta nebak ere kartzelatik atera ahal izan zituen.

1942ko maiatzean ezkondu, baina abenduan senarra atxilotu eta fusilatu zioten. Alaba bat zuten ordurako. Concha ere, urte beteren buruan, epaitu zuten eta heriotza-zigorretik aske geratuko zen. Berriz ezkondu eta bost seme-alaben ama izan zen. Horietatik bat hil zitzaion, baina izan zituen 14 biloba eta 10 biloba ezagutu ahal izan zituen.

Emakume konprometitua izan zen beti, askatasunaren eta gizarte-justiziaren ideal berak defendatuz.

«Nik ez dut gorrotorik. Jendeak zer gertatu zen jakitea besterik ez dut nahi –zioen 93 urterekin eskaini zuen elkarrizketa hartan–. Ez naiz inoiz herratsua izan, amak horrela erakutsi zidalako. Kartzelatik atera nintzenean, hitz eman nuen urtero hilerrira joango nintzela nire 60 kideak ikustera. Eta bete dut hitza beti. Ni bizi naizen bitartean zegokien aitorpena izango zutela agindu nielako, askatasunaren aldeko borrokalariak zirelako».

«Estatu frantsesa, Alemania edo Italia errepublikarrak al dira?», galdetu zioten orduan. Eta Concha Carreterok erantzun: «Ez dira errepublikanoak. Nik langileriaren Errepublikaz aritu naiz, errepublika horiek kapitalistak dira!».