GAUR8

Urtarrilaren 14ra arte egongo da ikusgai Santxotena Museoaren 2.000 jaiotza baino gehiagoko erakusketa

Nazioarte mailako antropologia eta etnografia erakustaldi handi bat da egunotan Artziniegako Santxotenea Museoa, mundu osoko 2.000 jaiotza baino gehiago bildu ostean. Erakusketa urtarrilaren 14ra arte ikusi ahal izango da.

Santxotena Tailer Museoan, 2.000 jaiotza baino gehiago biltzen duen erakusketa dago ikusgai urtarrilaren 14ra arte.
Santxotena Tailer Museoan, 2.000 jaiotza baino gehiago biltzen duen erakusketa dago ikusgai urtarrilaren 14ra arte. (Santxotena Museoa)

Artziniegako Santxotena Museoak bi mila jaiotza baino gehiago ditu ikusgai egunotan. Nabarmendu dutenez, 25 urte ez dira egunero betetzen, eta azken edizio honetan, gainera, pieza berriak daude. Horien artean, Añanako Gatz Haranako gatzgileei eskainitako ale bat dago.

Euskal ale horren inguruan, Teresa Lafragua Museoko zuzendariak azaldu du 40ko hamarkadan gatza egiten zuten emakumeen lana nabarmendu nahi izan dutela. Batere errazak ez ziren garai haietan, emakume haiek «oso indartsuak eta ausartak izan ziren», azpimarratu du.

Jaiotzen kopuru handiaz gain –«jaiotza kopuru hori biltzen duen erakusketa bakarra» da– erakusketaren planteamendua bera ere azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, erakusketa antropologia eta etnografiaren lanketaren ikuspuntutik dago pentsatuta.

«Ez da jaiotzen erakusketa bat bakarrik, baizik eta mundu osoko herrietako arte, antropologia eta etnografia erakusketa bat da, herri bakoitzeko patrimonio kultural materiala eta immateriala ezagutzera ematen dituena», adierazi du artziniegarrak, ohiturak, lanbideak, paisaiak eta tradizioak islatzen dituela erantsiz.

Izan ere, immigrazioa edota berdintasuna dira zenbait jaiotzetan islatuta dauden gaiak, eta jaiotza palestinarrak ere ikus daitezke bilduman.

Lanbide zaharrak

Izan ere, bost kontinenteetako piezak daude bilduman, eta horien bidez, buztingile, zeramikari, beiragile, zizelkari edota errementarien lanari balioa eman eta hainbat komunitateko lanbide tipikoak jasotzen dira.

Jaiotzen erakusketa ostiraletik igandera bisita daiteke. Goizez, 11.00etatik 14.00etara, eta arratsaldez, 16.00etatik 19.00etara; eta igandean, goizeko ordutegian, 11.00etan hasita eta 14.00ak arte.