GAUR8

Salbiaren konposatu bat, glutenak eragiten duen inflamazioa ekiditeko

Salbiaren landaretik ateratako konposatu batek glutenak hestean eragiten duen hantura murrizten duela ikusi dute EHUko ikertzaileek. Aurkikuntzak estrategia terapeutiko berriak lortzeko bidea zabaltzen du.

Ainara Castellanos ikertzailea.
Ainara Castellanos ikertzailea. (UPV/EHU)

Salbia landaretik erauzten den azido salbianolikoak glutenak hestean eragiten duen inflamazioa ekiditen du.
EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ainara Castellanos Ikerbasqueko ikertzaileak gidatutako lan batek ondorioztatu du konposatu natural horrek hantura murrizten duela, albo-ondoriorik gabe, eta horrek eritasun zeliakoaren aurreko estrategia terapeutiko berriak lortzeko bidea zabaltzen du.

Ohar batean EHUk gogoratu du glutenik gabeko dieta zorrotza dela gaur egun dagoen tratamendu eraginkor bakarra, baina dieta hori betetzea ez da beti erraza. Horregatik, terapia lagungarriak bilatzen dituzte ikerlariek.

Glutena eta RNAren aldaketak

Salbiaren inguruko ikerlana ez da EHUKo ikertzaileen lehena. Izan ere, duela bi urte glutenak RNAn aldaketak eragin ditzakeela aurkitu zuen Ainara Castellanos buru duen ikertaldeak.

«Ikerketa hark eritasun zeliakoa eta hesteetako beste hantura-gaitz batzuk tratatzeko aukera berriak zabaldu zituen, itu terapeutiko berriak deskribatu baitzituen (esate baterako, XPO1 eta RNAren aldaketan parte hartzen duten proteinak)», gogoratu du EHUk.

Hortik abiatuta heldu dira bigarren aurkikuntza honetara, azido sabianolikoak XP01 proteinaren sorrera inhibitzen duela eta hala «inflamazio-prozesua eten egiten dela» ikustera.

«Zeluletan ikusi dugu glutena jartzen dugunean konposatu horrekin batera inflamazioa jaitsi egiten dela edo ez dela igotzen», azaldu du Castellanosek. Ikerketa prozesuan, gainera, «dieta hertsia egiten ari ez ziren gaixo zeliakoen heste-laginak tratatu» dituztela zehaztu du, eta horietan ikusi dute «konposatua gehitzean inflamazioa jaisten dela heste-laginetan bertan».

Castellanosek nabarmendu duenez, landaretik ateratako konposatua da, sintetizatu beharrik ez daukana, eta albo-ondoriorik gabekoa. «Efektu antiinflamatorioak dituen konposatu natural bat da, dietan gehitu daitekeen zerbait», azpimarratu du.