GAUR8

‘Memoria Eraikiz’ saioaren 12 atal eskuragarri daude Primeran plataforman

Memoria historikoaren inguruko gai ezberdinak jorratzen dituen ‘Memoria Eraikiz’ dokumental sorta Primeran plataforman dago eskuragarri. Hiru denboralditan grabatutako hamabi atalak ikus daitezke bertan.

‘Memoria Eraikiz’ proiektuaren aurkezpena, irudian.
‘Memoria Eraikiz’ proiektuaren aurkezpena, irudian. (ETB)

Giza askatasun, berdintasun eta duintasunaren balioak sustatzera bideratuta, memoria historikoa jorratzen duen ‘Memoria Eraikiz’ proiektuak leiho berri bat dauka Primeran doako plataforman.

Gogora Institutuaren eta EITBren arteko aliantza esparruan sortutako egitasmoa da, eta inguruko eduki guztiak eskuragarri daude jada streaming euskal plataforman.

Izan ere, dokumental sortaren hirugarren denboraldia estreinatu da, lau atal berrirekin: ‘Urduñatik Castuetara. Egia hobitik atera beharra’, ‘Desagertuak inorzen lurpean’, ‘Ordena publikoko Auzitegia: Errepresiorako legea’ eta ‘Memoria duen etorkizuna’. Horiekin batera, aurreko bi denboraldietako atalak ere eskuragai daude Primeranen.

Ezagutza zehatzagoa

Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariaren esanetan, ikus-entzunezko materialek aukera ematen dute ezagutza zehatzagoa izateko bai 1936ko gerraz eta frankismoaz «eta baita gure iragan hurbileko terrorismoez eta indarkeriaz ere».

Ezenarrok nabarmendu duenez, «oraina eta etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa da iragana ezagutzea eta gogoeta kritikoa sustatzea, are gehiago gure kasuan gertatzen den bezala, sufrimendua eragin duten gertakari traumatikoez ari bagara».

Egitasmoaren inguruan, «printzipioak, balioak eta pertsona guztiekiko errespetua defendatzeko ikuspegitik, euskal memoria historikoaren hainbat gertakari lantzeko eta 12 atalak euskal gizarte osoaren zerbitzura jartzeko egindako lana» azpimarratu du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak.