Ospakizun eguna Benito Lertxundirentzat: 82 kimu zuhaitzean
Gaur Benito Lertxundik 82 urte bete ditu eta, barka gaitzala, baina bere azken ‘Ospakizun gauean’ (2018) lanaren kanta batekin (‘Kimu bat zuhaitzan’) hitz jokoa egitea bururatu zaigu. Orioko bardoa gure bizitzaren soinu-bandaren egileetako bat baita.
Iñaki Zaratiegik GARAn idatzi zuen legez, «Ez Dok Amairu kolektiboko partaideen artean Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Lete izan dira denbora gainditu duten erreferenteak. Mikel mundu musikal desberdinez osatutako unibertso zabala izan zen. Nazioarteko kantautore handien oihartzuna duen obra melodiko emankorra lantzen jarraitzen du Benitok. Xabier Lete poeta izan zen abeslaria baino gehiago».
Benito Lertxundi ez baita Ez Dok Amairurik gabe ulertzen; eta, era berean gure herriaren kultura ez baita Benito Lertxundiren unibertso musikalik gabe ulertzen. Orion jaio zen Benito 1942ko urtarrilaren 6an, sendi apal bateko bederatzi anai-arrebetatik azkena. Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolan buztina eta egurra lantzen ikasi zuen, eta bide horretatik lortu zuen lehenengo lana, tallista alegia, zenbait sari irabazteaz gain.
19 urte zituela, Martin Lizasoren erloju dendan hasi zen lanean. Erlojuak konpontzen ikasteaz gain, Lizasok utzitako laud gitarra batekin hasi zen, hura afinatzen eta jotzen. Hurrengo pausoa gitarra elektriko bat erostea izan zen.
1965 inguruan Ez Dok Amairu mugimendua ari zen mamitzen: Artze anaiak, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Julen Lekuona, MIkel Laboa... eta Oteizaren itzal luzea, euskal artea berritu eta gizartea astindu nahi zituen oldar hartan. «Ikastoki eta esperimentu leku aparta izan zen hura, eta 1972 aldera desegin bazen ere, ordurako utzia zuen hazia Benitorengan», dio bere web orrialdeak.
Ordutik hainbat disko, hainbat lan eder kaleratu ditu Benito Lertxundik. 2014ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen, euskal kulturari egin dion ekarpen handiari esker ona adierazteko. Domina jaso baino lehen, oriotarrarekin izan zen NAIZ bere herrian, sariari eta etorkizunari buruz hitz egiteko.
Hizlari aparta da ere Benito Lertxundi. Ez da harritzekoa garaian Pako Aristik eta Mikel Markezek harekin egindako otorduetatik ‘Plazer bat izan duk, Benito!’ (Elkar, 2012) liburua osatu izana. Beste liburu baten protagonista da ere, ‘Benito Lertxundi naiz’ izenekoa, Antton Kazabonena (Txalaparta, 2019).
2018an kaleratu zuen bere azken diskoa, ‘Ospakizun gauean’, Euskal Herriko oholtza garrantzitsuenetatik pasa zena. Bertan ‘Kimu bat zuhaitzan’ eder hau dago Allan Rankin abeslari kanadarraren kantaren bertsioa. Jon Maia bertsolariak ekarri du euskarara. Eta abestiak dioen legez: «Geroztik negurik beltzenetan / dena ilun denean / gogoan dut kimuaren jaiotza / gure lurraren minean. / Eta nola indarrak hartzen zituen / argia ta ekaitza / negu beltzean loratu zen/ kimua zuhaitzan». Zorionak Benito!