GAUR8

Min kronikoa Salburuako gizarte etxean mintzagai, Iñaki Aguirrezabal adituaren eskutik

Iñaki Aguirrezabal Lehen Mailako Arretan mina tratatzeko Aurre Egite Aktiboko Unitatean lan egiten duen familia medikuak min kronikoari heltzeko neurobiologiak zabaldutako bide berriak azalduko ditu hitzaldi batean Salburuan.

Hitzaldia Gasteizen izango da, Salburuako gizarte etxean.
Hitzaldia Gasteizen izango da, Salburuako gizarte etxean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gasteizko Salburuako gizarte etxean, min kronikoa aztergai izango duen hitzaldia antolatu dute asteazkenerako, ‘Etxean Bai’ planaren barruan. Arabako Foru Aldundiak sustatzen du eta Gurutze Gorriak kudeatzen du herrialdean, helburu nagusi batekin: «pertsonei beren etxeetan arreta ematea, behar duten laguntzarekin, ahalik eta denbora gehien, eta egoitza batean sartzea atzeratzea».

Ohar batean Gurutze Gorriak gogoratu du azken urteotan min kronikoa lehen mailako osasun arazoa bihurtu dela, «baliabide ekonomiko ugari kontsumitu eta jasaten duten pertsonengan desgaitasuna areagotzen baitu».

Hala ere, minari heltzeko beste modu bat dago, eta perspektiba horretatik «funtsezkotzat» jotzen dute pertsonak minaren neurobiologian heztea». Azaldu dutenez, ikuspegi hori ezagutzera ematea da hitzaldiaren helburua. Horretarako, gaian aditua den Iñaki Aguirrezabal Lehen Mailako Arretan mina tratatzeko Aurre Egite Aktiboko Unitatean lanean ari den familia medikua dena gonbidatu dute.

Aipatutako hitzaldia ‘Etxean Bai’ ekimenaren barruan dago, eta plan hori «2. eta 3. graduko mendekotasuna duten pertsonentzako da, adinekoentzat zein desgaitasuna edo osasun mentaleko arazoak dituztenentzat, baldin eta minarekin bizi ohi badira».

Helburu horrekin lotuta, minari aurre egiteko ikuspegi berria azalduko du medikuak. «Nerbio sistemak eta garunak funtsezko zeregina dute horretan, eta programari heltzen dioten pertsonen bizitza hobetzera bideratuta dago bai eta familia zaintzaileena, eta oro har publikoarena ere», zehaztu dute, programan parte hartzen duten lagunentzako daukan garrantzia azpimarratuz.

«Erreferente» bat hizlari

Nabarmendu dutenez, «min kronikoaren erreferente» bat da Iñaki Aguirrezabal estatu mailan, «eta oso dibulgazio lan garrantzitsua egiten du minaren kontzeptualizazio berri horri buruz, Nerbio sistema Zentrala eta, bereziki, garuna mezuaren erdigunean jartzen baitu».

Minari heltzeko perspektiba horretan sakonduz, azaldu dute mina ez dela kaltea baizik eta beste edozein pertzepzio bezala garunean sortzen den zerbait. «Garunak mehatxuaren balorazioari erantzuten dio, ez egoera errealari; garunak mina sortzen du ehunen mehatxuaren balorazioan oinarrituta, eta ez ehunen benetako egoeran; garunak, besteak beste, sistema nozizeptibotik lortzen duen informazioa behar du; garunak mehatxu egoerak ikasi behar ditu eta, beraz, mina ere ikasi egiten da (minaren memoriak)» planteatzen du Aguirrezabalek.

Hitzaldia 17.00etan hasiko da, eta doakoa eta sarrera librekoa da edukiera osatu arte.