GAUR8

Arabako Foru Aldundiak 150.000 euro banatuko ditu aisialdiko jarduera programak egiten laguntzeko

Arabako Foru Aldundiko Gazteria Sailak argitara eman du gazteen aisialdirako jarduerak programatzeko diru laguntza deialdia. Gazteen elkarteei eta erakundeei zuzenduta, otsailaren 5era arte egongo da zabalik laguntza eskatzeko epea.

Gazte talde bat euskararen aldeko jai batean, artxiboko irudian.
Gazte talde bat euskararen aldeko jai batean, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialak aste honetan argitaratu du gazteentzako aisialdiko jardueren programetarako 2024ko dirulaguntza deialdia. Gazteriaren Foru Erakundeak antolatzen du deialdia, eta 150.000 euroko aurrekontua izango du.

Deialdiaren xedea da 2023-2024ko ikasturtean zehar haurrei eta gazteei zuzendutako eta gazteen elkarte edo erakundeek edo aisialdikoek sustatutako aisialdiko jarduera jarraituak egiten laguntzea, Arabako Aldunditik jakinarazi dutenez.

Jarduerak aisialdian egingo dira, berdintasunaren, elkartasunaren eta tolerantziaren balioak sustatzen diren hezkuntza espazio gisa hartuta. Era berean, monitore talde egokia izan beharko da jarduerok garatzeko.

Erregelamenduz eratutako eta irabazi asmorik gabeko Arabako lurraldeko edo Trebiñuko enklabeko gazte elkarteak, aisialdiko elkarteak edo aurrekoak koordinatzen dituzten federazioak izan daitezke laguntzen onuradunak, eta gutxienez bost hilabetez eta hamabostean behin egiten diren jarduera programak lagunduko dira. Parte hartzaileen adina 7 urtetik gorakoa izan beharko da.

Erakunde interesdunek otsailaren 5era bitarte izango dute laguntza eskatzeko epea, eta urriaren 4ra arte justifikatu ahal izango dute.