GAUR8
Gaur X urte

Duela 23 urte ANDi aurkeztu zuten, genetikoki eraldatutako lehenengo primatea

Marmoka baten genea tximu baten obulura sartuta, eta obulu hau beste tximu baten umetokira; horrela sortu zen ANDi, lehenengo tximu transgenikoa.

ANDi, genetikoki eraldatutako lehenengo primatea.
ANDi, genetikoki eraldatutako lehenengo primatea. (WIKIMEDIA)

2001eko urtarrilaren 11n, gaur 23 urte, genetikoki eraldatua izan zen primateen familiako izaki bat aurkeztu zuen Estatu Batuetako zientzialari talde batek. ANDi zuen izena.

Hiru hilabete bete zituenean aurkeztu zuten ANDi komunikabideetara. Kolore berde xamarra zuen zientziak sortu zuen lehenengo tximu transgenikoak. Estatu Batuetako Oregongo Primateak Ikerketa Zentroko zientzialariek Scienceko ale batean argitaratu zuten nola lortu zuten marmoka batetik tximu baten obulura genea transferitzea, ernaltzea, eta enbrioia beste tximu bateko umetoki batean sartzea. Haurdunaldia arrakastatsua izan zen.

ANDik bere zelulen nukleoetan proteina fluoreszente berde bat kodetzen duen gene bat zuen, hain zuzen ere, marmokaren gene txertatua.

Ez zen lan erraza izan. ANDiren arrakastaren aurretik, orotara 224 obulu eraldatu eta ernaldu ziren. Horietatik, 40 enbrioi eta bost haurdunaldi lortu ziren, eta hiru izaki soilik jaio ziren bizirik. ANDi izan zen genearen integrazio egokia erakutsi zuen jaioberri osasuntsu bakarra.

Zientziaren aurrerapen handi gisa zabaldu zuten albistea zientzialariek eta komunikabideek, baina kritika ugari ere eragin zituen, gizaki bat genetikoki aldatzeko aukera irekitzen zuelako.

«Etika alde batera utzita, errazagoa izango zen proiektua gizakiekin garatzea, IVF teknologian askoz aurreratuago baitago», idatzi zuen orduan Science-k.