GAUR8
Gaur X urte

Bi bizi beratar eta lesakar bat galdu ziren duela hamazazpi urte Taillon mendian

Gaur duela hamazazpi urte, Taillon mendia igotzen ari zirela istripuz erori eta hil egin ziren Xabier Zubieta Erkizia eta Luis Mari Pikabea beratarrak eta Xabier Saralegi Alzate lesakarra.

Xabier Zubieta eta Juan Mari Pikabearen hileta, Beran.
Xabier Zubieta eta Juan Mari Pikabearen hileta, Beran. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Xabier Zubieta Erkizia eta Luis Mari Pikabea Zubieta, 33 urteko lehengusu beratarrak, eta Xabier Saralegi Alzate 32 urteko lesakarra, duela hamazazpi urte hil ziren, 2007ko urtarrilaren 13an. Mendizaletasuna bizimodu zuten, baina mendiak galarazi zien bizitza.

Pirinioetako Taillon (3.144 m) mendia igotzen ari zirela amildu eta hil ziren mendizale euskaldunak. 10.30ak aldera gertatu zen ezbeharra, tontorreko ipar aurpegian. Taillon tontorreko ipar aurpegia ezaguna da mendizaleen artean, teknikoki eskarmentua eskatzen badu ere.

Istripua gertatu zenerako gaina iritsia zuten eurekin joandako Edurne Pasaban eta Asier Izagirre alpinistek eta beraiek eman zieten abisua erreskate taldeei, hiru mendizaleak amiltzen ikusi zituztenean.

Orduan GARAk eman zuen informazioen arabera, hiru lagunak ilaran ari ziren igotzen, eta lehenengoak irrist egin eta erortzean, atzetik zituen bi lagunak eraman zituen aurretik. 300 bat metroko aldapa batean behera erori ziren. 

Hiru mendizaleen heriotzak Bera eta Lesakako herriak doluz jantzi zituen, ezagunak baitziren Zubieta, Pikabea eta Saralegi, herrigintzan parte hartzaileak. Hil eta gutxira, baina baita ondorengo urteetan ere, hainbatetan omendu dituzte hiru mendizale gazteak Beran eta Lesakan.