GAUR8

‘Latinoamerikaren norabidea’ Bidebarrietan, Aktualitatearekin Topaketak abiatzeko

Latinoamerikari begira abiatuko dira hurrengo asteartean Aktualitatearekin Topaketak Bidebarrietan. Dani Alvarez eta Mikel Reparaz kazetariek gidatuko dute, eta Francisco Valencia El Salvadorko ‘Diario Co Latino’ egunkariko zuzendaria gonbidatu dute.

Mikel Reparazek Dani Alvarezekin batera gidatuko du saioa.
Mikel Reparazek Dani Alvarezekin batera gidatuko du saioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak 'Aktualitatearekin Topaketak' izeneko agendari berrekingo dio asteartean, urtarrilaren 23an, Dani Alvarezek eta Mikel Reparazek gidatuta, ‘Latinoamerikaren norabidea: Salbatzailetik Ekuadorrera’ izenburu duen hitzorduarekin.

Topaketa 19.00etan hasiko da Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian eta ‘Diario Co Latino’ egunkariko zuzendaria den Francisco Valenciak hartuko du parte.

‘Encuentros con la actualidad’ dibulgazio-zikloa da. Bertan, zorroztasunetik abiatuta, gai gori-goriak aztertu nahi dira, akademizismotik ihes eginez. Horretarako, gai bakoitzean adituak diren pertsonak izaten dira gonbidatuak, eta ahalik eta modu didaktiko eta arinenean eztabaidatzea du helburu.

El Salvador eta Ekuador, aztergai

Aurten, Latinoamerikari begira hasiko dira topaketak, eta El Salvadorren egungo egoera aztertuko dute; izan ere, «Bukele presidenteak baketu du, maren eta narkotrafikoaren aurkako gerraren ostean», azaldu dute Udaletik.

Era berean, Ekuadorko testuinguru sozial eta politikoa aztertuko da, Gobernuaren eta talde kriminalen arteko gerran murgilduta dagoen herrialdea. Gainera, Javier Mileiren hautaketa eta Lulak Brasilen dituen politikak aztertuko dituzte, besteak beste.

Francisco Valencia kazetariak 1989an hasi zuen bere ibilbidea ‘Co Latino’-ren zuzendari gisa, baina ‘Diario Latino’, ‘Cadena Sonora de la Radio’ edota ‘ACAN-EFE’-ko lantaldeetan ere parte hartu du, besteak beste. Horrez gain, Brasilgo Enbaxadak El Salvadorren emandako Brasilgo Kazetaritza Saria (2000) eta Adierazpen Askatasunaren Saria (Pen American Center, New York, 1991) jaso ditu.