61 urte bete ditu gaur Maddalen Iriarte kazetari, aurkezle eta politikariak
1963ko urtarrilaren 23an jaio zen Maddalen Iriarte Okiñena kazetari, telebista aurkezle eta politikaria Donostian, gaur 61 urte. 18 urte zituela hasi zen kazetari bezala lanean, Herri Irratian. Bost urteren buruan Euskal Telebistara sartu zen eta han 30 urte eman zituen. 2016Tik EH Bilduren bozeramailea da Gasteizko Legebiltzarrean.
61 urte bete ditu gaur Maddalen Iriarte kazetari, telebista aurkezle eta politikari donostiarrak. Euskal Telebistan hiru hamarkada eman ondoren, politikan hasi zen 2016an eta ordutik EH Bilduren bozeramailea izan da Gasteizko Parlamentuan.
Ama eskolako maistra zen eta aita, Ildefonso ‘Pontxo’ Iriarte ikastoletako presidentea izan zen diktadura garaian eta ETAren hastapenetan jardun zuen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan. Maddalenen bizitzaren lehen urteak kartzelan eman zituen, polizia frankistak ETAren aurka egindako lehen sarekadan atxilotua izan zelako.
Gaztetan hasi zen kazetari bezala lanean, 18 urterekin, Donostia eta Loiolako Herri Irratian, Zuzenbide ikasketekin uztartuz. Ondoren, unibertsitatea alde batera utzita, albistegiak, haurrentzako saioak eta musika eta kirolari buruzko saioak aurkeztu zituen irratian eman zituen bost urteetan.
1986an agertu zen lehen aldiz telebistan Euskal Telebistaren ‘Gaur egun’ albistegirako zuzeneko konexio bat egiten. Hogei urtean albistegietako gidaria izan zen, 2009an EiTBren zuzendaritzan aldaketa egon zen arte. Ordutik 2016ra arte hainbat saio aurkeztu ditu eta 2013an Telebistako Argia Saria irabazi zuen Iriartek.
Gara egunkariko Zazpika igandekarian kolaboratzaile izan da eta Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Deian eta Noticias de Gipuzkoa komunikabideetan ere zutabeak argitaratu ditu.
2016ko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehendakarigai izan zen, baita 2020ko hauteskundeetan ere. 2023ko foru hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko aurkeztu zen, EH Bildurekin.