GAUR8

Izen ematea zabalik, Kolonbia, Ekuador, Guatemala edo El Salvadorren elkartasun auzolandegietan parte hartzeko

STEM Hego Haizea GGKEak udako elkartasun auzolandegietan parte hartzeko izen ematea zabaldu du. Nabarmendu dute esperientzia eraldatzailea dela garapen proiektuak ezagutzeaz gain komunitate indigenen problematikak bertatik bertara ezagutzeko aukera baita.

Elkartasun auzolandegien aurreko edizio bateko parte hartzaileak, irudian.
Elkartasun auzolandegien aurreko edizio bateko parte hartzaileak, irudian. (STEM Hego Haizea)

SETEM Hego Haizea GGKEak (garapenerako gobernuz kanpoko erakundea) izena emateko epea zabaldu du udan izango diren elkartasun auzolandegietan parte hartzeko. Azaldu dutenez, helburua ez da «proiektuetan laguntzea edo lankidetzan aritzea, baizik eta trukea, elkarbizitza eta lankidetza ezagutzea, behatzea eta horietaz ikastea».

Iaz berreskuratu zuten ekimena, pandemiaren ostean, eta 10 lagunek hartu zuten parte. Aurtengo udan, Kolonbian, Ekuadorren, Guatemalan eta El Salvadorren auzolandegietan parte hartzeko aukera izango da. Zehaztu dutenez, landa-eremuetan lantzen ari diren garapen-proiektuen inguruan izango dira auzolandegiak, SETEMekin lan egiten duen toki-erakunde batekin batera.

Izena emateko epea otsailaren 5ean amaituko da. 21 urtetik gorako lagunei zuzenduta dago, eta nabarmendu dutenez, «esperientzia eraldatzailea» da.

«Elkartasun auzolandegiek sentsibilizazio-esperientzia bizitzeko aukera ematen dute eta, besteak beste, emakume indigenen problematikak edo nekazari txikien agroekologia proiektuak gertutik ezagutzeko ere», zehaztu dute GGKEtik.

Prestakuntza eta kontzientziazioa

Uztailean edo abuztuan bidaiatu aurretik, gainera, «prestakuntza eta kontzientziazio prozesu bat» egiten dela gogoratu dute. Prozesu hori otsailaren 10ean hasiko da. Inaugurazio jardunaldian, auzolandgiak aurkeztuko dituzte eta parte hartzaileen zalantzak argituko direla azaldu dute.

Saio hori Gasteizko Simone de Beauvoir elkartearen etxean izango da, eta parte hartzeko, aurretik izena eman behar da webgunean.