Amagoia MUJIKA TELLERIA

Plaza Hutsaren hitzordua, otsailaren 3an, Durangon

Herrigintzak hitzordua dauka datorren otsailaren 3an, Durangon. Sortuk Plaza Hutsa atondu du herrigintzatik aparretan dauden aldaketa sozial eta politikoei patxadaz begiratzeko. Gogoetari paratutako plaza bat

Eegunerokoaren zurrunbiloan, aldaketa sozial eta politiko biziak harrotzen ari diren garaian, olatuaren aparretan ez da erraza gauzak patxadaz behatzea, ulertzea, jasotzea eta hausnartzea. Horregatik da beharrezkoa lasaitasunetik gogoetari plaza bat jartzea.

Sortuk urtero paratzen dio plaza hori herrigintzari. Herrigintzako arduradun Xabi Iraolak azaldu dizkio hitzorduaren gakoak GAUR8ri. «Batzuetan zurrunbilo horretan badirudi momentu politiko guztiak berdinak direla eta, kontrara, guk uste dugu prozesu politiko guztietan badaudela motelaldiak, geldialdiak eta edota azkarraldiak. Uste dugu horrelako une batean gaudela, azkartze batean. Plaza Hutsak badu bokazioa aldaketa zurrunbilo horietatik ihes egin eta aldi berean aldaketa horietan sakontzeko, zabaltzeko, aldaketa horiek errotzeko, herrigintzatik egin daitekeen horren inguruan hausnarketa egiteko».

Iraolak gertutik jarraitzen du herrigintza azken urteotan eta honako argazkia deskribatu du: «Eraldatzen ari den herrigintza bat ikusten dugu, nolabait uztartzen ari dena herri honek bere biziraupenaren baitan dituen betiko problemak eta garai honetan munduan dauden erronka berriak. Bien arteko nahasketa momentu bat da. Pello Otxandianok berak azken garaian planteatu duenez, galdera zaharrei erantzun berrituak emateko garaia da, eta galdera berriei erantzun berriak». Larunbatean, GAUR8n, zabalago jasoko dugu Durangoko Plaza Hutsaren hitzordua.