GAUR8

‘Itsas Ingurumena’ Erasmus Mundus Masterra egingo dute Donostiako Aquariumean

Mundu osoko 25 herrialdetako 45 ikaslek ozeano-zerbitzuen iraunkortasuna, klima aldaketa eta itsasoaren kutsadura aztertuko dituzte aste honetan, Itsas Ingurumenerako Erasmus Mundus Masterraren 18. edizioan. Bost egunetan zehar, 18 zientzialari eta ikertzailek hartuko dute parte hitzorduan.

Donostiako Aquariumean izango dira masterraren hainbat saio.
Donostiako Aquariumean izango dira masterraren hainbat saio. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Aquariumak Euskal Herriko Unibertsitatearen Itsas Ingurumeneko Erasmus Mundus Masterraren 18. edizioa hartuko du aste honetan. Masterra ‘Ingurumenaren eta Itsas Baliabideen Ikerketa’ (Research in Marine Environment and Resources–RiMER 2024) graduondoko nazioarteko ikastaroaren lehen moduluarekin hasiko da.

Ikastaroan parte hartzen duten 45 ikasleak Indonesia, Bangladesh, India, Pakistan, Sri Lanka, Txina, Filipinak, Malaysia, Hegoafrika, Nigeria, Egipto, AEB, Brasil, Ekuador, Kolonbia, Dominikar Errepublika, Trinidad eta Tobago, El Salvador, Argentina, Alemania, Britainia Handia, Polonia, Portugal, Frantziar Estatua eta Estatu esopainolatik datoz.

Bost egunetan zehar, 18 zientzialari eta ikertzaile ospetsuk ozeano-zerbitzuen iraunkortasuna, klima-aldaketaren eragina eta ozeanoaren kutsadura bezalako gaiak jorratuko dituzte.

Saioetako bat EHUko Ingurudok Mintegiari buruzkoa izango da. Bertan, 11 doktoregaik doktore-tesiaren proiektuak aurkeztuko dituzte, «RiMER 2024ko ikasleei MER partzuergoaren esparruan arlo horretan egindako azken ikerketen ikuspegia emanez», azaldu dute euskal unibertsitate publikotik.

Itsas emakume zientzialariak

RiMER 2024 jardunaldia amaitzeko, itsas emakume zientzialariei eskainitako jardunaldi bat egingo da maiatzaren 8an, itsas zientzien arloko irteera profesionalei buruzko beste jardunaldi bat ekainaren 7an. Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU), Erasmus Mundus Masterraren egoitza dena (Ingurumena eta Itsas Baliabideak), eta unibertsitateak koordinatuta, modulu bat egingo da ekainaren 18tik 21era.

Hauek izango dira jorratuko diren gaiak: ozeanoen osasunerako mehatxuak, itsas akultura jasangarri baterako aplikazio bioteknologikoak eta itsas biodibertsitatearen esplorazioa, mundu osotik etorritako 16 irakasle gonbidaturen parte-hartzeari esker.

Otsailaren 5etik aurrera, ikasleek ikasketekin jarraituko dute, 2025. urtearen amaieran Southampton, Bordele, Lieja, Azores eta EHUko unibertsitateek ofizialki onartutako Master titulu bateratu bat lortzeko, «Erasmus Mundus label europarrarekin».

Irailean hasi ziren ikasten Bordelen, Azoresen edo Southamptonen, eta bertan amaitu dute ozeanografiari eta itsas ingurumenari buruzko lehen seihilekoa. Orain EHUn sartuko dira, eta uztailera arte gai espezifikoagoetan trebatuko dira, batez ere biologikoetan, bai PiE-UPV/EHUn, bai Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Horrela, Southamptonen, Azoresen edo Liejan espezializazio-ikasketak egiteko prestatuko dira masterraren hirugarren seihilekoan.

Ondoren, ikerketa-lana egin beharko dute 5-6 hilabetez, munduko edozein lekutan, MER Partzuergoko irakasleek edo harekin lan egiten duten beste herrialde eta erakunde batzuetako bikaintasun aitortuko ikertzaileek gainbegiratuta. 2006an hasi zenetik, 71 herrialdetik gorako 550 ikasle baino gehiagok egin dute Erasmus+ master hau.