GAUR8

40 museo baino gehiagoren bildumak digitalizatuta erakusten ditu MuseoTIK plataformak

MuseoTIK plataforma digital berriak 40 bat museo eta ondare erakunderen objektuak, dokumentazioa edota artelanak katalogatuta eta digitalizatuta eskaintzen ditu. Euskal ondarea ezagutzeko zabaltzen dituen aukerak eta museoetako langileentzat suposatzen duen lan tresna nabarmendu dute.

MuseoTIK plataforma digitalaren aurkezpen ekitaldia.
MuseoTIK plataforma digitalaren aurkezpen ekitaldia. (IREKIA)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 40 bat museo eta ondare erakunderen objektuak, piezak, artelanak, eskutitzak edota dokumentazioa katalogatuta eta digitalizatuta biltzen dituen MuseoTIK plataforma digital berria jarri dute abian. Museoetako langileei zuzendutako lan tresna da, eta euskal ondarea ezagutzeko, gozatzeko eta lankidetzan aritzeko nahia duen edozein herritar eta kultura eragilerentzako gune ere izango da.

Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du plataforma berria, museoetako 40 bat eragilekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon.

Ekitaldian azaldu dutenez, MuseoTIK lankidetzarako tresna izateko jaio da, hala museoetako 300 bat profesional eta langileentzako, nola gainontzeko erakunde publiko, unibertsitate zein herritarrentzako. Helburua da bertoko kultura ondarea ezagutzera ematea, istorio, kontakizun eta aukera berriei bide emateko. Horretarako museoetako bildumak digitalizatuta erakutsiko dira.

Zupiriak eskerrak eman dizkie museo eta ondare erakunde guztiei epe luzeko proiektu honetan parte hartzeagatik, eta, «etorkizunera begira, MuseoTIK aukera berriak irekiko dituen ataria» dela adierazi du.

Kultura 2028 Plan Estrategikoari erreferentzia eginez, garrantzia eman dio ondarearen zaintzari, hori baita «historiatik gorde eta zaindu nahi dugun hori, hurrengo belaunaldiei transmititzeko».

«Webgune honetan katalogatutako objektu, pieza, artelan, eskutitz edo dokumentuak digitalizatuta daude, eta horrek aukera emango digu edonori, horietan oinarrituz, istorio eta kontakizun berriak sortzeko. Bildumen digitalizazioan azken urteetan egin den lanak gure ondarea osotzen duten funtsak publikoaren eskura modu irisgarri eta erraz batean jartzea ekarri du», azaldu du.

Eskuragarrriagoa

Plataforma digitala ez da ezerezetik hasten, EMSIME web orriaren garapenetik sortu baita, hau da, EAEko museo eta bildumetako funtsen inbentario orokorra batzen duen Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak sustatutako aplikaziotik.

Beraz, alde batetik, MuseoTIK ataria jarraituko du izaten museo bildumen dokumentaziorako eta digitalizaziorako erreferentziazko katalogoa, eta, bestetik, eraldatu egin da ikuspegi eta behar berrietara egokitzeko, eskuragarriago, anitzago, eta inklusiboago bihurtuta.

Gainera, lankidetzarako proposamen digitala ere bada, digitalizazioaren eta parte hartzearen bitartez, bildumen eta gainerako jardueren hedapena erraztuko baitie museoetako 300 bat langile eta ordezkariri, beren banakako hedapen estrategiak osatzeko. Era berean, euskal ondarea ezagutzeko, gozatzeko eta harekin lankidetzan aritzeko nahia sentitzen duten pertsona, talde edota kultura eragile guztientzako gunea ere bada.