GAUR8

Haur Literaturako Mikel Zarate Sarirako lanak aurkezteko epea zabaldu dute

Lanak aurkezteko epea zabaldu du Haur Literaturako Mikel Zarate Sariak, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako euskarazko kontakizunak saritzen dituen lehiaketak.

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako ipuinak eta eleberriak saritzen ditu Literaturako Mikel Zarate Sariak.
Lehen Hezkuntzako ikasleentzako ipuinak eta eleberriak saritzen ditu Literaturako Mikel Zarate Sariak. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako irakurgaiak bilatzen ditu Mikel Zarate Sariak, zehazki, 6 eta 12 urte bitarteko irakurle gaztetxoentzako eleberriak edota ipuinak.

«Haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzea» helburu dituen lehiaketak publiko txikiarentzako euskarazko kontakizunak bilatzen ditu, «jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak».

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute «euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar» idazlearen izena hartu duen lehiaketa. Aurtengoa XIV. edizioa da, eta dagoeneko zabalik du lanak aurkezteko epea. Lezamako Udaleko helbidera bidali behar dira kontakizunak, Mikel Zarate Saria zehaztuz, eta argibideak behar izanez gero, bi helbide elektroniko zehaztu dituzte liburutegia@lezama.eus eta liburuak@elkar.eus.

Hiru ale

Lanek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, «makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita» aurkeztu behar dira. Gutxienez 10 orrialde izan behar dituzte, eta 50 gehienez. Lehiaketara aurkezteko, hiru ale bidali behar dira.

3.000 euroko sari bakarra du deialdiak. Elkarrek argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua «behar diren marrazkiez horniturik». Hala ere, zehaztu dute idazleari egile-eskubideak ordainduko dizkiotela.