GAUR8

Basoberritzeko jardunaldia egingo dute igandean Basaurin

Basauriko Sagarrak taldeak eta Kareaga Auzo Elkarteak basoberritze jardunaldi bat egingo dute igandean, auzotik Montefuertera doan bidean, erasoen ondorioz kaltetutako landare-hesia berreskuratzeko. Birnaturalizaziorako duen garrantzia nabarmendu dute.

Montefuerteko parkea, irudian.
Montefuerteko parkea, irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Sagarrak talde ekologistak eta Kareaga Auzo Elkarteak basoberritze jardunaldia antolatu dute iganderako, Basauriko auzo hori eta Montefuerte lotzen dituen oinezkoentzako bidean.

Ekimenean parte hartzera deitu du talde ekologistak ohar baten bidez. Azaldu duenez, duela sei urte hasi zen zuhaixken herri landaketa Kareaga auzoa eta Montefuerte parkea (Ollargan) lotzen dituen bidean, babes-hesi bat sortzeko helburuarekin».

Azken urtean, halere, ezezagunek kalteak eragin dituzte landaredian. Gogoratu dutenez, igandekoa bezalako hainbat deialdiri esker, Sagarrak Ekologista Taldea eta Kareaga Auzo Elkarteak, boluntario askoren laguntzarekin, eremua birnaturalizatzea lortu zuten. «Lan horrek ingurumen eta gizarte funtzio oso garrantzitsuak ditu».

«Azpimarratu nahi dugu bide horietatik paseatzen diren pertsona gehienek harrera ona egin diotela lan horri», azaldu dute. Azken hilabeteetan, aldiz, zenbait gertakari bandaliko izan dira zuhaixken aurka, eta egindako lana azaltzeko panel bat ere txikitu dutela zehaztu dute.

«Jarrera aktiboagoa» eskatu dute

Salaketak jarri dituzte Ertzaintzan eta Udaltzaingoan, baita neurriak eskatu ere. «Ez dugu inolako informaziorik, eta oraingoz ez dakigu prebentzio-neurririk hartu dutenik horrelakorik ez gertatzeko. Gertakari larri horien aurrean Udalak eta segurtasun-indarrek jarrera aktiboagoa izatea eskatzen dugu», adierazi dute.

Era berean, igandean bertoko zuhaixkekin egingo den basoberritze jardunaldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Oinezkoentzako bidearen hasieran jarri dute hitzordua, eta hiru orduko iraupena izango du, 10.00etan hasita.