'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutela 21 urte bete dira
2003ko otsailaren 20an, Audientzia Nazional espainiarraren aginduz, Guardia Zibilak ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren egoitzak itxi zituen. Egunkariaren hamar arduradun atxilotu, inkomunikatu eta torturatu egin zituzten.
Gaur 21 urte, 2003ko otsailaren 20an, Audientzia Nazional espainiarrak ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuen. Guardia Zibilak Andoaingo egoitza eta Bilbo, Iruñea eta Gasteizko ordezkaritzak itxi zituen, eta egunkariko hamar arduradun atxilotu. Egunkariaren zuzendariak, Martxelo Otamendik, torturak salatu zituen.
Bizi izan zutenentzat kolpe handia izan zen ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxiera. Urte hartako giroa zela eta, eta 1998an ‘Egin’ itxi ondoren, halako gertakari bat iradoki ahal zen, baina ordura arteko muga asko gainditzea suposatu zuen.
2003ko otsailaren 19an, Juan del Olmo epaileak “Euskaldunon Egunkaria” ixtea agindu zuen, ustez ETArekin lotura izateagatik. Andoaingo egoitza nagusian eta Bilbo, Iruñea eta Gasteizko ordezkaritzetan polizia-operazioak otsailaren 20ko goizeko lauretan hasi ziren, eta hamar atxiloketa egin zituzten, haien artean Martxelo Otamendi zuzendaria, Iñaki Uria kontseilari delegatu, Juan Mari Torrealdai administrazio kontseiluko presidente eta Fermin Lazkano gerente ohia.
Bost egunez bakartuta egon ondoren, Otamendik tortura larriak salatu zituen. Operazio berean atxilotutako beste lankide batzuek ere, hala nola Iñaki Uriak, Xabier Alegriak eta Xabier Oleagak, Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren bitartean torturatuak izan zirela jakinarazi zuten.
Egun batzuk geroago ‘Egunero’ kaleratu zuten, ‘Berria’ izango zenaren lehen harria.