GAUR8

Euskal pilotaren modalitateak ezagutzera emateko proiektua abiarazi dute Bilbon

Euskal pilotaren modalitateak ezagutzera emateko eta praktikatzeko proiektua jarri dute abian Bilbon, hiriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta. Itxaropena kaleko frontoian eskainiko dute proiektua. Bertan, gainera, Bilboko euskal pilotako lehen eskola sortu da.

Bilboko Itxaropena kaleko frontoia, irudian.
Bilboko Itxaropena kaleko frontoia, irudian. (Bilboko Udala)

‘Euskal pilota Ezagutza’ proiektua aurkeztu dute Bilbon, Udalak bultzatuta. Euskal kirolaren askotariko modalitateak ezagutzera ematea du helburu, eta horretarako, ikastetxeei aurkeztu zaie proiektua.

Bizkaiko hiriburuko Itxaropena kaleko udal pilotaleku berrian burutuko da ekimena, eta bi atal izango ditu: programa teoriko bat, alde batetik, eta atal praktiko bat, bestetik. Zehaztu dutenez, programa bi horiek ikasgela pedagogikoan eta pilotalekuan eskainiko dituzte, hurrenez hurren.

Lehen eskola

«Bilbao Kirolak-en Komunitatea izeneko ildo estrategikoan» kokatuta dagoen programa honen baitan, Itxaropena kaleko frontoiak berak pilota munduaren inguruan egiten duen zabalkunde lana nabarmendu du Udalak.

Izan ere, euskal pilota sustatu eta ezagutzera emateko ahalegin horren baitan Bilboko euskal pilotako lehenbiziko eskola sortu da hiriko Alde Zaharrean kokatuta dagoen frontoi horretan bertan, azpimarratu du Udalak.

Prentsa ohar batean, udal iturriek zehaztu dute, gainera, entrenamenduez gain hileko ikastaroak ere eskaintzen direla handik. Zehaztu zutenez, informazio guztia eskura daiteke bilbaoesperantzapilota@gmail.com helbide elektronikora idatitz gero, eta telefono dei bidez ere egin daiteke.