GAUR8

‘Garaia’ plataforma jarri dute abian, Durangaldeko memoriaren ikus-entzunezko biltegia

Durangaldeko memoria eta ondarearen inguruko edukiak bilduko dituen plataforma berria jarri du abian Gerediaga Elkarteak, bi helburu nagusirekin: memoria historikoa lantzen duten eragileek elkarlanean jardutea eta historia eta ondarea aztertzea eta hedatzen laguntzea.

‘Garaia, Durangaldeko ikus-enztunezko biltegia’ aurkeztu dute.
‘Garaia, Durangaldeko ikus-enztunezko biltegia’ aurkeztu dute. (Gerediaga Elkartea.)

Gerediaga Elkarteak ‘Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia’ jarri du abian, eskualdeko memoria eta ondarea jaso eta herritarren eskura jartzeko espazio bat. Ekarpena, zehazki, ikus-entzunezkoen arloan zentratuko da, Durangaldeko historia, kultura eta gizarte gaien inguruko edukiak eskainiz.

«Transmisioaren beharraz jabeturik, herritarren kontakizunak bildu, sailkatu eta ikusgai ipintzeko misioa dauka», azaldu du elkarteak ohar bidez.

Webguneak, gainera, ikusgai izango ditu tematika ezberdinetako dokumentalak aurrerago. «Sortzaileek ekoitzitako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batuko dira, asmo birekin: lanok zabaltzen laguntzea eta herritarren esku-eskura ipintzea», zehaztu dute.

Durango 1936 elkarteari lekukoa hartu

Durango 1936 kultur elkarteak egindako lana goraipatu du Gerediagak, memoria historikoarekin lotutako edukien oinarrian baitago. Lekukoa hartu, eta aurretik egindako lanari balioa emateko ardura agertu du Gerediagak. Nabarmendu duenez, bi norabide izango ditu memoria hedatzeko ahaleginak, gaia jorratzeko interesa duten eragileekin elkarlanean jarduteko, eta «historia eta ondarea zentzu zabalean aztertzeko». «Memoria landuz, geroa eraikitzeko garaia da», adierazi du Gerediagak.

‘Garaia’, gainera, bi ikerketagai nagusi izango ditu ibilbidea hasteko: Durango 1936 Kultur Elkarteak 2007tik jasotako testigantzen grabazioak eta iaz Iurretako kofradiaren aro berriko 50. urteurrenaren harira egin zen ikerketaren lanerako bildutako lekukotzak.