Covid-19ak Euskal Herriko lehenengo hildakoa eragin zuen duela lau urte
82 urteko emakume bizkaitar bat covid-19arekin hil zen 2020ko martxoaren 4an, gaur lau urte. SARS-CoV-2 koronabirusaren ondorioz Euskal Herrian zendu zen lehenengo pertsona izan zen.
SARS-CoV-2 koronabirusa, edo covid-19a, zer zen ikasten ari ginela izan genuen Euskal Herrian hil zen lehenengo pertsonaren berri, 2020ko martxoaren 4an, lehenengo gaixoak antzeman zirela soilik lau egun igaro zirenean. 82 urteko andre bizkaitar bat izan zen birusak eraman zuen lehena.
2019ko abenduan Txinan hasi zen birus kutsakorra azkar hazi zen Euskal Herrian ere. 2020ko otsailaren 28an gipuzkoar eta arabar bati gaitza atzeman zitzaien lehen aldiz Euskal Herrian. Ordutik, gora besterik ez zuen egin kutsatze tasak, eta 2020ko udaberrian iritsiko zen lehenengo kutsatze-olatu handia, herritar guztiak etxeratzera eramango zituena, alarma egoera ezarrita.
Normaltasunari kosta egingo zitzaion bueltatzen, bueltatu bada. Urte bereko udazkenean bigarren olatua hazi zen, eta atzera ere neurri murriztaileak jausi ziren herritarrengan: distantzia, gelak, telelana eta ikasgela digitalak, etxeratze aginduak, covid paseak. Harremantzeko moduak aldatu ziren, lan egiteko erak, buruko osasun arazoak areagotu.
Hirugarren kutsatze-oldea 2020tik 2021era bitarteko neguan izan zen. 2021aren hasieran abiatu zen koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina, baina oraindik laugarren olatu bat ere helduko zen, 2021eko udan, birusa mutazioetan indartu ostean.