GAUR8

Berotze globalak Europako itsasoetan duen eraginaz ohartarazten du nazioarteko ikerketa batek

Azti euskal zentroko ikerlariak buru izan dituen nazioarteko ikerlan batek berotze globalaren ondorioz Europako itsasoetako biodibertsitatean izaten ari diren aldaketez ohartarazi du, eta egoera berrira egokitzeko zebait gako planteatu ditu.

Klima aldaketak biodibertsitatean dituen eraginak aztertu ditu AZTI zentroko ikertzaileak buru izan dituen nazioarteko lan batek.
Klima aldaketak biodibertsitatean dituen eraginak aztertu ditu AZTI zentroko ikertzaileak buru izan dituen nazioarteko lan batek. (peterwirtz2004@yahoo.com)

Nazioarteko ikerketa berri batek berotze globalak Europako itsasoetan duen eragin garrantzitsuaz ohartarazi du. ‘Nature Communications’-en argitaratutako ikerlan horrek itsaso eta ozeanoetako biodibertsitatean izaten ari diren aldaketetan jartzen du azpimarra, eta hainbat gako planteatu du kudeaketa eta erregulazio eraginkorrak diseinatze aldera.

Zooplanktona, bentosak, ornogabe pelagiko eta demertsalak eta arrainak aztertu dituzte «epe luzeko joerak eta aldaketak ozeanoaren berotzearkin nola lotzen diren» ikertuz.

«Analisiek 65 segimendu-programatako lau hamarkada bitarteko denbora-serieak hartu dituzte. Ipar-ekialdeko Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan eta Baltikoan 1.817 espezieren datu historikoak bildu dituzte», zehaztu du AZTI zentroak.

Emaitzetan ikusi dute Europako itsaso horietako komunitate eta habitat gehienek berotzeari erantzun diotela, bi fenomeno ekologikoren bidez: tropikalizazioa eta desboralizazioa.

«Tropikalizazio izeneko prozesua Atlantikoan nagusitzen da; aldiz, desborealizazioa, ur hotzetako espezieen ugaritasuna murrizteko prozesua, bereziki nabarmena da erdi-itxitako arroetan, hala nola Mediterraneoan eta Baltikoan, zeinek, gainera, itsasoa berotzeko tasarik azkarrenak jasaten baitituzte», azaldu du Guillem Chust AZTIko ikertzaile nagusiak.

Gehitu duenez, Mediterranoaren ekialdean ematen da «adibide nabarmenena», Indo-Pazifikoko ur beroetako espezieak ugaritu baitira, «Suezko Kanaletik heldu eta espezie autoktonoekin lehian, sare trofikoak eta ekosistemak aldatuz».

Gutxituz doazen espezieak

Gutxituz doazen espezieen artean, Mediterraneoko sardina europarra eta Baltikoko bakailoa daude. AZTIko adituak nabarmendu duenez, «tenperaturak igotzeak kolapsoak eragin ditzake biztanlerian edo desagerpen lokal funtzionalak, eta horrek eragina izan dezake haien menpe dauden arrantza-tokietan eta tokiko ekonomietan. Bereziki, ur gezaren eta itsasoaren (izokina edo aingira) artean migratzen duten espezie diadromoak kalteberak dira klima-aldaketekiko, eragina izaten baitute hainbat bizi-etapatan eta habitatetan».

Ikerlanean ikusitakoaren arabera, itsasoen berotzeak eta biodibertsitatean izandako aldaketek eragina izan dezakete, era berean, zerbitzu ekosistemikoetan eta itsas baliabideetan. Myron Peck azterlanaren egilekidearen esanetan, «arrantza tokiei egokitzapenak egin beharko zaizkie, baita arrantza-denboraldiei ere, eta klima aldaketaren ondorioz ugariagoak izan daitezkeen espezie berrietarantz dibertsifikatu beharko da».

Ohartarazi dute, halaber, funtsezkoak izango direla datu zientifikoetan oinarritutako kudeaketa eta erregulazio eraginkorrak. «Horren barruan sartzen da harrapaketa-kuotak eta harrapaketa-esfortzuak espezie aldakorren populazioetara egokitzea, bai eta ekosistema ahulak babesteko kontserbazio-neurriak ezartzea ere», azaldu du itsas ingurunetan eta elikaduran espezializatutako zentro zientifiko eta teknologikoak.