GAUR8

Hiri baratze ekologikoen inguruko ikastaroen edizio berri bat jarri dute abian EHUko Arabako Campusean

Sasoiko landaketak, tokiko elikagaiak edota lurraren eta pertsonen zaintzak hiri baratze ekologikoaren inguruko ikastaroen edizio berriaren ardatzetako batzuk dira. Izen-ematea zabaldu dute, publiko orokorrari irekita, baina unibertsitate komunitateko kideek lehentasuna izango dute.

Baratza ekologikoaren gaineko ikastaroa apirilean eta maiatzean zehar egingo da.
Baratza ekologikoaren gaineko ikastaroa apirilean eta maiatzean zehar egingo da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arabako Campuseko Baratze Ekologikoa koordinatzen duten irakasleeek antolatzen dute balio ekologikoetan oinarritutako ortugintzaren inguruko ikastaroa, eta Kiribilore Permakultura elkarteak eskaintzen du. Izena emateko epea zabalik egongo da apirilaren 8ra arte, eta 30 euroko kostua izango du.

Hiriko nekazaritza ekologikoan interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago eskaintza, baina unibertsitate komunitateko kideek lehentasuna dutela zehaztu du EHUk ohar batean.

Ikastaroa Arabako Campuseko baratzean bertan eskainiko da, Gasteizen, Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen ondoan. Sei saio izango dira guztira, 18 ordu, eta arratsaldez egingo dira. Euskaraz edota gaztelaniaz egin ahal da ikastaroa, asteko bi egun ezberdinetan emango da hizkuntzaren arabera.

Sasoiko ereintza eta landaketa, pertsonen eta lurraren zaintza, landare osasuna eta landare osagarriak izango dira jorratuko dituen edukietako batzuk, baina beste hainbat arlotara heldu nahi da, eta haziak, uraren kudeaketa, tokiko elikagaiak eta egungo tresnak ere aztergai izango ditu.

Zehaztu dute, bestalde, Arabako Campuseko ikasleentzat derrigorrezkoa dela lehen bost saio egitea, kreditu bat lortze aldera.

Izen-ematea www.hazicampusa.eus webgunean egin behar da, bertan eskuragarri dagoen formularioa betez.