GAUR8
Gaur X urte

1999tik 2009ra bitartean lehendakari izandako Juan Jose Ibarretxek 67 urte bete ditu gaur

Gaur bete ditu 67 urte Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. 1999tik 2009ra bitartean izan zen Lakuako Gobernuaren burua, EAJ alderdiarekin. Besteak beste, Ibarretxe Planak egin du ezagun, hots, EAE eta espainiar Estatuaren arteko harremana birdefinitzeko saiakerak.

Ibarretxe, joan den urteko martxoan Bilbon egindako euskal ereduari buruzko mahai inguru batean.
Ibarretxe, joan den urteko martxoan Bilbon egindako euskal ereduari buruzko mahai inguru batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak 67 urte bete ditu gaur. 1957ko martxoaren 15ean jaio zen, Laudion, eta bere bizitzaren zati handi bat eman du politika instituzionalean. Bere ibilbide politikoan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari izan zen, Euskal Herriarentzat erabakigarria izan zen denbora tarte batean.

1999 eta 2009 urteen artean izan zen lehendakari EAJ alderdiarekin. Agintean zela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren autonomia sustatzea izan zuen xede eta eskualdearentzat estatus politiko berri bat bilatzen saiatu zen.

Legegintzaldiko ekimen sonatuena Ibarretxe Plana zeritzona izan zen. Hauteskunde programan agindu bezala, garaiko egoera politikoa gainditu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak. Independentismoa bere horretan aldarrikatu gabe, espainiar Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko erlazioa asoziazio askean oinarritzen zela adierazten zuen planak. Gasteizko parlamentuan 2004ko abenduaren 30ean onartu zen Plana, Sozialista Abertzaleen sei parlamentarietako hiruk alde bozkatu zutelako eta beste hirurek aurka. Espainiako Kongresuak, ordea, uko egin zion planari: 313 boto kontra (PSOE, PP, Ezker Batua, Coalicion Canaria eta Chunta Aragonesista), 29 alde (EAJ, EA, Nafarroa Bai, CiU, ERC eta BNG) eta bi abstenzio (IC-V).

ETAren su etenaren testuinguruan, Ibarretxe alderdi guztiekin batu zen, baita Batasuneko Arnaldo Otegi, Juan Jose Petrikorena eta Pernando Barrena ordezkariekin ere. Orduko Batasuna legez kanpo zegoela eta, Ermuko Foroak Ibarretxe salatu zuen Justizia Jauregi Gorenean. Hori dela eta, 2007ko urtarrilaren 31n Ibarretxek deklaratzera joan behar izan zuen.