Karbono hustubide naturalak sortuko ditu Arabako Foru Aldundiak zenbait eremu degradatutan
Landa guneetatik gertuko gune degradatu batzuetan esku hartuko du Arabako Foru Aldundiak, natura inguruneak lehengoratuz, karbono hustubide naturalak sortzeko prozesuarekin jarraituz.
Arabako Foru Aldundiak landa guneetatik gertu dauden eta etorkizunean karbono hustubide natural gisa erabiliko diren eremu degradatuak berreskuratzeko eta lehengoratzeko lanekin jarraitzen duela jakinarazi du ohar bidez.
Eremu horietan kontrolik gabeko betegarriak eta hondakinak isurtzen dira, eta horiek ingurunearen narriadura eragin dute. Gainera, landaredia desagertu eta higadura arrisku larria duten eremuak dira. Zehazki, Azazeta, Turiso, Orbiso, Urizaharra, Espejo, Murga, Zalduondo eta Asparrenan daude.
Eremu horiek berreskuratzeko asmoz, Foru Aldundiak hainbat lan egingo ditu eremu degradatuak «ekologikoki itxuraberritzeko». Zehaztu dutenez, lau hektareatik gorako espazioa hartuko du esku hartzeak, eta bertan zuhaitz eta zuhaixka espezieen landaketa egingo da.
Europako Funtsak
Aurrekontua 59.986,92 eurokoa da, eta proiektuaren %40 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatzen du.
Lurraldeak CO2-ren hustubide gisa duen gaitasuna indartzea da helburu nagusietako bat, azalera degradatuak berreskuratzen baititu, baso natural gisa birsortzeko. Berotegi efektuko gasen emisioak konpentsatzeko karbono hustubideak areagotzea da Klima Araba 2050 Estrategian txertatutako eta 4. helburuari (“Natura Ingurunea eta Biodibertsitatea: Lurralde Erresilientea eta Multifuntzionala”) lotutako helburuetako bat.
«Atmosferako CO2a bahitzeko edo finkatzeko gaitasuna dutenez, karbono-hustubide horiek garrantzi handia dute klima-aldaketaren aurkako borrokan», nabarmendu dute.
«Aldi berean, baso-biomasan eta lurzoruan karbono izakinak handitzeko arintze neurri horiek ezartzeak beste ondorio onuragarri batzuk ere badakartza», azaldu dute, «baso kudeaketa jadangarriak uren eta lurzoruen kalitatea eta, oro har, natura-ingurunea hobetzearekin batera, klima-aldaketara egokitzeko ekintzak» direla zehaztuz.