GAUR8

Lege-ikuspuntutik enbrioiaren bestelako definizio bat proposatu du EHUren ikerlan batek

Ikuspegi juridikotik enbrioiari unibertsalki ontzat emateko moduko definizioa proposatu du Iñigo de Miguel Beriain EHUko Ikerbasque irakasle eta ikertzaileak. «Ez da eztabaida semantiko hutsa» nabarmendu du EHUk: «ondorio praktiko garrantzitsuak ditu ikerketarako».

Iñigo de Miguel Beriain EHUko Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzien ikertaldeko kidea da.
Iñigo de Miguel Beriain EHUko Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzien ikertaldeko kidea da. (Mikel Mtz. de Trespuentes | UPV/EHU)

Iñigo de Miguel Beriain EHUko Ikerbasque irakasle eta ikertzaileak giza enbrioiaren bestelako definizio bat proposatu du artikulu batean, lege-ikuspegia jorratuz. Planteatzen duenez, «enbrioitzat hartu beharko litzateke gizaki jaio bat sortu arte garatzeko gai den edozein zelula-egitura» eta «gaitasun horren inguruan eraiki beharko litzateke definizioa».

Teknozientzia Berriei aplikatutako Gizarte eta Lege Zientzien ikertaldeko kidea da De Miguel. Adierazi duenez, «garapen teknologikoek aurretik finkatutzat jotzen ziren zenbait kontzeptu-kategoria birpentsatzeko beharra planteatzen dute batzuetan. Gaur egun, ezin da esan enbrioi bat beti eta beti ernalketaren emaitza baino ez denik».

Eztabaidaren testuinguruaz EHUk azaldu du ugalketa-biologian izandako aurrerapen zientifiko eta teknologikoek giza enbrioiaren definizioa berrikusteko premia sortu dutela. «Ernalketaz bestelako prozeduren bidez giza enbrioiak sortzeko aukerak –transferentzia nuklearra baliatuz, kasu– eta gaur egun enbrioi-egiturak imitatzeko gai diren zelula-ereduak sortzeko teknologiak garatu izanak duda-mudan jarri dute enbrioi termino zientifikoa, eta horrek ondorio etikoak nahiz juridikoak ditu», zehaztu du.

Erregulazioa errazteko

Erronka horren aurrean, De Miguelen proposamena erregulazioa errazteko eta hainbat herrialdetan definizioa bateratzeko «lagungarria» izan daitekeela nabarmendu du unibertsitateak.

De Miguelek Kalifornia-San Diegoko Unibertsitateko Jon Ruedarekin eta Granadako Unibertsitateko Adrian Villalbarekin batera argitaratu du aipatutako artikulua. Irakaslearen ustetan, definizio berria «baliagarria izango da azpimarratzeko badela beste eztabaida bat, enbrioiari eta haren estatutu moralari buruz tradizionalki formulatu izan dena baina lehenagokoa dena eta lotura duena enbrioiaren definizioarekin berarekin».

«Enbrioi batek zer babes merezi duen eztabaidatu aurretik, zer den eta zer ez erabaki behar dugu; izan ere, ez da gauza bera transferentzia-prozesu bat burutzeko gai ez den egitura bat –DNAn akats bat duelako— edo prozesu hori burutzeko gai den beste bat, adibidez», plantetau du.