GAUR8
Gaur X urte

Duela 46 urte 55 tona azido zianhidriko zeraman tren bat errailetatik atera zen Tolosan

1978ko martxoaren 28an Tolosako geralekuaren eta geltokiaren artean 55 tona azido zianhidriko zeraman tren bat errailetik atera zen, hondamendi handi bat gertatzeko zorian. Lyondik Burgosera bidea egiten zebilen tren bat zen eta 01.30ean gertatu zen ezbeharra.

Azido zianhidrikoa zeraman tren bat errailetatik atera zen Tolosan gaur 46 urte.
Azido zianhidrikoa zeraman tren bat errailetatik atera zen Tolosan gaur 46 urte. (Tolosaldeko Ataria | Wikimedia Commons)

Gaur 46 urte, 1978 urteko martxoaren 28an, Tolosan azido zianhidrikoa zeraman tren bat errailetatik atera zen, eta 55 tona azidoak inguruan hondamendi handia sortzeko zorian egon zen.

Astearte batean gertatu zen, gauez, 01.30ean, Tolosako geralekuaren eta geltokiaren artean. 80 kilometro orduko abiaduran zihoan ibilgailua errailetatik atera zenean eta, trenak trenbide osoa hartu zuenez, lau errailak moztu behar izan zituzten.

Orduan Tolosako alkatea zenak, Iñaki Linazasorok, inguruko etxebizitzak hustea agindu zuen, trenak garraiatzen zuen materialaren arriskua zela eta. Tolosan bizi ziren biztanleen %5 handik atera behar izan zuen.

Azido zianhidrikoa leherkorra da eta 26,5ºC-tan irakiten du, kutsadura maila oso altua sortuz. Arrisku horren aurrean, anbulantzia ugari gerturatu ziren Tolosara gau hartan, baita suhiltzaileak, Guardia Zibila eta mediku talde bat ere.

Azidoa garraiatzen zuen zisternak isuri bat izan balu, gasezko laino bat sortu zatekeen Tolosan, hildako ugari ekarriz. Gainera, 6012 zenbakia zuen tren horren gidariek ez zekiten materiala arriskutsua zenik, istripuaren ondoren kargarako gidak begiratu zituztenean konturatu ziren.