GAUR8

Herri kirolak haur eta gazteei hurbiltzeko topaketa egingo dute hilaren 14an Gautegiz Arteagan

Herri kirolak belaunaldi berriei transmititu eta sustatzeko topaketa egingo dute hilaren 14an Gautegiz Arteagan. «Gure herri kirolak gure baitan daude eta haurrak funtsezkoak dira kirol horien kontserbazioan», nabarmendu dute antolatzaileek.

Irudian, gazteak trontzan Iruñean.
Irudian, gazteak trontzan Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Herri kirolak haur eta gazteengana hurbilduko dituen topaketa hartuko du Gautegiz Arteagak hilaren 14an, Herri Kirolak, Euskal Pilota eta Arrauna sustatzeko Sustabiz Fundazioak antolatuta, Bizkaiko udalerri horretako Udalarekin batera.

‘Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen’ lelopean, topaketa udal pilotalekuan egingo da eguerdiko hamabietan, Busturialdeko 6 eta 14 urte bitarteko umeei zuzenduta.

«Ziur gaude gure tradizioak ez direla galduko belaunaldi berriei haienganako grina transmititzeko gai bagara. Gure herri kirolak gure baitan daude eta haurrak funtsezkoak dira kirol horien kontserbazioan», adierazi du Sustabiz Fundazioko zuzendari Joseba Etxebarriak.

Ildo beretik, hilaren 14ko topaketaren helburua da «Busturialdea-Urdaibai herriak kohesionatzea, koordinatzea eta inplikatzea herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko, batez ere gazteenen artean».

Jardunaldia goizeko hamarretan hasiko da Arkupe Sustabiz Kirol Elkartearen pilota partidekin eta eguerditik aurrera ‘Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen’ saioak haur eta gazteei hainbat diziplina probatzeko aukera emango die, hala nola trontza, harrijasotze, txinga erute, ingude jasotze, sokatira, esku pilota eta pala.

Programaren barruan, parte hartzaileen adinari egokitutako material eta araudiarekin eginiko probak sartzen dira.

Gainera, Enara Gaminde pilotariarekin esku pilota praktikatzeko aukera izango dute, Inhar Urruzuno entrenatzailearen eskutik harri-jasotzaile gisa neurtuko dira, eta Ander Larrucea, Uxue Lejarcegui, Mikel Ugalde eta Leire Astorekaren eskutik harri-jasotze eta trontza erakustaldi batera joango dira.