GAUR8

Natura, musika eta poesia Arabako Parke Naturaletan, apirila eta maiatzeko programazioan

Natura behatzea, musika eta poesia Arabako Parke Naturalek apirilerako eta maiatzerako antolatutako jardueren hiru osagai nagusiak dira. Pago eta haritz zaharrek biodibertsitatearekin duten loturari buruzko saioarekin abiatuko da programazioa Gorbeian.

Gorbeiako gurutzea, irudian.
Gorbeiako gurutzea, irudian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Foru Aldundiak jardueren programazio bat antolatu du parke naturaletan apirileko eta maiatzeko asteburuetan, «publiko guztia lurraldeko parke naturaletara hurbiltzera animatzeko». Naturak udaberrian bizi duen eferbeszentziaren erdian, ingurunea bera, musika eta poesia dira proposamen berrien ardatz nagusiak.

«Udaberriaren etorrerak gure naturguneetara hurbiltzeko eta bertako balio natural eta kulturalak zuzenean ezagutzeko gonbita egiten digu», adierazi du Natura Ondarearen Zerbitzuak ohar batean.

Apirileko agenda Gorbeiako Parke Naturalean hasiko da, zuhaitz zaharrei buruzko bisita gidatuarekin. Hilaren 8an, pagoek eta haritz zaharrenek baso biodibertsitatean duten garrantzia ezagutzeko aukera izango da; eta apirilaren 12an eta 13an, anfibioak izango dira protagonistak, gaueko bi bisita gidaturekin.

Izkiko Parke Naturalak ilargi behaketa bat hartuko du apirilaren 13an. Aizkorri-Arazko naturguneak, berriz, Zalduondoko eta Araiako ondare kultural aberatsa ezagutzea proposatzen du, museo etnografikoaren eta gurtza-eraikin zaharrenen bitartez.

Hilaren 21ean, «mendien taupaden» hotsa den txalaparta tailerra egingo dute Valderejon, adin guztiei zuzenduta, «erritmoaren zentzua, laguntasuna, errespetua, berdintasuna eta jolas musikala indartuz».

Poesia basoan

Poesiaren inguruko jarduera tematikoekin ospatuko dute maiatza Arabako Parke Naturalek. Horrela, maiatzaren 11n «baso poetikoko bainua» izango da Leze inguruan, eta maiatzaren 18an «familiek poesiaz gozatu ahal izango dute oso modu dibertigarrian, ‘rally’ poetiko baten bidez».

Antolatutako jarduera guztiak doakoak dira eta beharrezkoa da izena ematea, Parke Naturalen webgune bakoitzaren bidez.

Gorbeiako Parke Naturalaren kasuan, gorbeiaparkea.eus da webgunea; Valderejoko Parke Naturalarena, valderejoparkea.eus; Izkiko Parke Naturalarena, izkiparkea.eus; eta Aizkorri-Arazko Parke Naturalarena aizkorriaratzparkea.eus.