GAUR8

Moskurio, Ondoriz eta Maturanako muinoetako ingurumena lehengoratzeko proiektua Araban

Garaioko urtegiaren inguruan, Moskurio, Ondoriz eta Maturanako muinoetan, landaketak egingo dituzte basoetan, ekosistemak lehengoratu eta suteak prebenitzeko. Arabako Foru Aldundiak gidatuko du Next Generation funtsekin finantzatuko den egitasmoa.

Garaioko parkea, artxiboko irudian.
Garaioko parkea, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du zuhaitz masen egitura hobetzeko lanak egingo dituztela Moskurio, Ondoriz eta Maturanako gainetan, Garaiko urtegiaren inguruan, bertako ingurumen egoera leheneratzeko helburuz.

«Basoak hobetzeko landaketak egingo dira, baso zuteak prebenitzeko, hondartzetatik gertu dauden eremuak egokitzeko eta baso masa indartzeko, suebaki eremu bat lehengoratzeko eta espezie aloktonoak (bertokoak ez diren espezieak) ezabatzeko», zehaztu du Foru Gobernuak ohar bidez.

Lau hilabeteko epea izango dute landaketa berriek, «geldialdi begetatiboaren» fasea zaintzeko. Eremu horren ingurumena leheneratzeaz gain, «hondartzako turismoa lotutako eta natura eta kultura ondarean oinarritutako tokiko eta eskualdeko turismo eskaintza aparta dinamizatzeko» aukera nabarmendu du Foru Aldundiak, eskaintza «urtaroari bakarrik ez lotzeko» parada emango duela gogoratuz.

Emandako datuen arabera, 234.256 bisitari izan zituen iaz Garaiko parkeak eta bertako hondartza kontinentalak. «Espazio hori herritarrei aisialdirako ingurune onuragarria eskaintzeaz eta ingurumena hobetezeaz gain, eremuaren garapen ekonomikoa sortzen eta bultzatzen duen elementua da».

Arabako Foru Aldundiak gidatuko du 149.972 euroko inbertsioa suposatzen duen proiektua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilentzia Planak finantzatzen dituzten Europar Batasunaren Next Generation funtsei esker.