GAUR8

‘Euskararen Historia Soziala’ egitasmoaren erreferentzia bibliografikoen datu basea berritu eta eguneratu dute

‘Euskararen Historia Soziala’ ekimenaren erreferentzia bibliografikoen datu basea berritu eta eguneratu dute. Publiko orokorrarentzat eta bereziki ikertzaileentzat duen baliagarritasuna azpimarratu dute.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria, irudian.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria, irudian. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak ‘Euskararen Historia Soziala’ (EHS) egitasmoaren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu basea berritu eta eguneratu du, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) lankidetzan.

2011n argitaratutako ‘Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak’ liburuaren inguruan eratu zen datu basea, betiere jakite eremu horretarako, hots, euskararen historia soziala, baliabide argitaratuen ezagutza hedatzeko asmoarekin.

Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke, ’Hizkuntza-baliabideak’ sailean, eta kontsultak errazteko hiru modu ematen ditu: egilearen arabera (2.571 autore), gako hitzak erabiliz edo ikerlanaren izenburua jarriz (5.399 izenburu).

Orain, HABE Liburutegiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, ‘Euskararen Historia Soziala’-ren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu basea etengabe eguneratzen eta elikatzen da. «Atariaren lehen bertsioak 5.032 erreferentzia zituen eta oraingoak 5.399 ditu, HABE Liburutegiak emandako 367 erreferentzia gehitu zaizkiola», argitu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak.

Gaineratu du «euskararen historia soziala interesatzen zaion edonorentzat» dela baliagarri datu basea, «batez ere, gure hizkuntzaren historia soziala aztertzen duten ikertzaileentzat».

Bere aldetik, Jokin Azkue HABEko zuzendariak erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: «Begi-bistakoa da euskalgintzan elkarlana ezinbestekoa dela sinergiei probetxua ateratzeko, eta bereziki erakunde publiko eta administrazio publikoen arteko elkarlana aipatu nahi nuke».

«Euskaltzaindia eta HABEren arteko hitzarmenaren barruan garatzen da egitasmo hau, hain zuzen, HABE Liburutegiaren eskutik. Hitzarmen horrek bideratzen du liburu funtsak trukatzea, ikerketa sustatzeko eta bertako ikertzaileei HABEren Liburutegia erabiltzeko aukera zuzena emateko», azaldu du.

‘Euskararen Historia Soziala’ (EHS) egitasmoa Euskaltzaindiaren iker-lerroetako bat da. Hizkuntzen historia sozialaren xedea da historian zehar gizartean hizkuntza ezberdinek izan duten erabilera eta tokia aztertzea. Beraz, EHSren helburu nagusia da euskarak iraganean izan duen espazio soziala aztertzea.

Honela, nola iraun duen jakinik, zein testuinguru sozialean eta ekonomikoan, etorkizuneko hizkuntza plangintzak finkatzeko ezinbesteko informazioa izango da. Finean, EHSren xede nagusia da euskararen 1980ra arteko historia soziala idaztea.