28 musikari berri ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak
Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) plantillak 28 musikari berri ditu, hutsik geratutako plazetara aurkeztutako 200 lagunen artean egindako hautaketa prozesuaren ostean. Hegoaldeko lau herrialdeetako musikariak dira. Edizio honetan, gehiago izan dira kontserbatorio profesionaletatik etorritakoak, eta Musikene izan da musikari gehien eman dituen zentroa.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) bere plantilla berritu du 2024rako 28 musikari berrirekin. Aukeratutako gazte gehienek Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egiten dituzte ikasketak, eta, gainera, ziklo profesionaletako musikari ikasleak sartzen dira.
200 gazte inguruk aurkeztu dituzte entzunaldiak EGOko 28 plaza hutsetako bat eskuratzeko, azken urteetan jasotako antzeko kopurua.
Orkestrako iturriek ohar batean adierazi dutenez, bideoak bidaliz egin dira entzunaldiak, eta joera hori gero eta zabalduagoa dago orkestra sinfoniko profesionalen esparruan.
Gazteen interpretazioak atal instrumental bakoitzerako eratutako epaimahaiek ebaluatu dituzte. Epaimahaiak musikari espezialistek eta ibilbide profesional luzekoek osatu dituzte, eta Ruben Gimeno EGOko zuzendari artistikoa izan da epaimahaiburu.
Maila altua
Gimeno «pozik» agertu da entzunaldien emaitzarekin. Azaldu duenez, «hautagaien batez besteko maila altua da; jasotako bideoek, gainera, argi eta garbi erakusten dute gero eta musikari gazteagoek heldutasun handia dutela, eta ordezko aukeratuak izan arren, maila tekniko eta musikala erakutsi duten gazteak ere aurkitu ditugu».
Entzunaldietan 28 gazte hautatu dira titular gisa (11 emakume eta 17 gizon) eta 60 ordezko (28 emakume eta 32 gizon). Hautatutako hautagaien %60, gutxi gorabehera, Hego Euskal Herriko lau herriladeetatik datoz, eta Musikene da musikari gazte gehien ematen dituen zentroa.
Aurtengo edizioan, nabarmendu dute, halaber, kontserbatorio profesionaletatik datozen eta titular-plazetako bat lortu duten gazteen kopuruak gora egin duela. Hori «zuzendari titularrak adierazitako heldutasuna eta kalitate goiztiarraren» erakusle dela azaldu dute.
Horrela, EGOko kide izateko adin-muga 25 urtekoa den arren, musikarien batez besteko adina 19 urtekoa da. Entzunaldi-prozesua gainditu ondoren, EGOren erakundea 2024. urteko jarduerak prestatzen ari da.
EGO Lakuako Gobernuko Kultura Sailak bultzatutako proiektu kultural eta estrategikoa da, eta BBK, Kutxa eta Vital Fundazioek babesten dute hasieratik, 1997. urtean.