Udako eskoletarako boluntarioak erakartzeko kanpaina abiatu du Autismoko Nafarroako Elkarteak
Autismoko Nafarroako Elkarteak Tuteran eta Iruñean esku hartze terapeutikoko udako eskoletan aritzeko boluntarioak erakartzeko deialdia zabaldu du. Udan, astebetez edo bi astez proiektu hezigarri eta ilusionagarri batean parte hartzeak duen izaera aberasgarria nabarmendu dute.
Autismoko Nafarroako Elkarteak boluntarioak erakartzeko kanpaina jarri du abian, udako eskola programan parte hartzeko. Ohar batean azaldu du uztailean eta abuztuan, autismoa duten haur eta gazteentzako eskolak egiten direla Tuterako Huertas Mayores ikastetxe publikoko geletan eta Iruñeko Jose Maria de Huarte ikastetxe publikoan.
Udako programa horretan, pedagogia terapeutikoa, esku-hartze goiztiarra, komunikazioa, trebetasun akademiko eta sozialak eta logopedia bezalako arloak lantzen dituzte, baita entzumen-estimulazioa ere.
Jarduera horiek, esplikatu dutenez, ingurune naturaletan egiten dira, aisialdiko beste hainbat jarduerarekin batera, hala nola igerilekuetako irteerak edo piraguismoa Agra ibaian.
Testuinguru horretan, boluntarioak behar dira jardueretan laguntzeko. Esan dutenez, «esperientzia aberasgarria» bizitzeko aukera paregabea da, astebetez edo bi astez «Europan bakarra den prestakuntza-proiektu bizi batean parte hartu nahi duten» lagunentzat.
«Horrez gain, boluntarioek Autismoaren Espektroaren Nahasmenduaren (TEA) inguruko ezagutza zuzenak eta praktikoak eskuratu ahal izango dituzte, bai eta egunez eguneko bilakaera duten haurrekin proiektu ilusionagarri bat bizi ere», nabarmendu dute.
Ekimenean parte hartzeko, ainhoa.ana@autismonavarra.com helbide elektronikora bidali behar da mezua.